argia.eus
INPRIMATU
Etorkinak jo-puntuan jarri ditu Jaurlaritzaren inkesta batek
  • Eusko Jaurlaritzak immigrazioari buruzko lau galdera plazaratu ditu Irekia webgunean. Maiatzaren 1a bitartean erantzun daitezke. Emaitza edozein izanik ere, galderen planteamenduak berak zalantzak sortu ditu hainbaten artean.

ARGIA @argia 2016ko apirilaren 18a

Argazkian bildu dugun moduan, galderek pertsona migranteak jartzen dituzte erdigunean eta, jasotako azkenean irakurtzen den moduan, langabezian geratu diren atzerritarrak kanporatzeari buruzko iritzia galdetzen zaio herritarrari.

"Etortzeko baimena" nori eman beharko litzaiokeen ere galdetzen da. Erantzun posibleen artean langile migranteak etortzea "guztiz debekatzea" planteatzen da, baita "lan-kontratuta dutenei bakarrik" ateak irekitzea ere.

Gipuzkoako Foru Aldundiak hartutako neurriaren ondoren

Proposamen polemiko horiek Gipuzkoako Foru Aldundiak joan den astean hartutako erabakiaren ondotik etorri dira. Diputazioak kendu egingo ditu Diru-Sarrerak Bermatzeko Laguntzak 2018an.

"PPk egin zuen bezalaxe, orain EAJ da etorkinak diru-laguntzetatik bizitzera datozela iradoki duena", nabarmendu du erabaki horren harira ARGIAko kazetari Mikel Garciak: "Beste behin mamu xenofoboa astindu dute –EAEn biztanleei etxebizitza bermatzeak kanpotik jendea 'masiboki' erakarriko zuela esatera iritsi zen Josu Erkoreka jeltzalea– eta kanpotik gure dirua xahutzera etorriko direla saldu nahi digute, orain arteko azterketa eta datuek beldurraren diskurtso hori gezurtatzen duten arren".