argia.eus
INPRIMATU
Immigrazio legea gogortu du Frantziako Senatuak, eskuinaren botoekin
  • Laguntzak kentzea, baldintza zorrotzagoak ezartzea, deportazioak erraztea,  pertsona migratzaileei sartzen uzteko hiru urtean behin kuotak berrikustea eta paperik gabeko pertsonei mediku-arreta kentzea jasotzen ditu lege-proiektuak. Abenduaren 11tik aurrera jarraituko dute eztabaida Frantziako Asanblean.

Izaro Villarreal Lauroba 2023ko azaroaren 15a
Paperik gabeko etorkinen egoera asko gogortuko da lege proiektua aurrera ateratzen bada. (Argazkia: Nelson Minar / CC-BY-SA)

Etorkinei eskubide gutxiago ematea adostu du Frantziako Senatuak, Libération hedabideak jaso duenez. Eskuindarren eta zentristen aliantzari esker lortutako 210 aldeko botoekin, eta kontrako 115 ezkerreko botoekin, Frantziako Senatuak onartu du astearte honetan Gobernuak proposatutakoa baino immigrazioari buruzko lege-proiektuaren bertsio gogorragoa. Asanblea Nazionalera eramango dute orain lege-proiektuaren azken bertsioa, han landu dezaten. Abenduaren 11tik aurrera jarraituko dute eztabaida.

Azken aldaketekin, immigrazioaren kontrako errepresioa gogortu du Frantziako Senatuak: pertsona migratzaile irregularrei Estatuak ematen zien laguntza medikoa kentzea lortu du; subsidioetarako sarbidea eta erregularizazioari buruzko xedapenak gogortu ditu; Frantzian bizi nahi duten pertsona migratuen familiak berriz elkartzeko irizpideak zaildu ditu; nazionalizate-agiriak eta bizileku-baimenak lortzeko baldintzak gogortu ditu; gizarte laguntzak zaildu eta paperik ez daukatenentzako mediku-arreta deuseztatu dute, besteak beste.

Emmanuel Macronen gobernuak ez dauka gehiengo osorik, neurria aldaketarik gabe aurrera ateratzeko. Baina gehiengo osoa izan gabe ere, lege-proiektua inposatzeko aukera badauka, beste hainbatetan egin duen modura.