argia.eus
INPRIMATU
Immigrazio Lege berriaren aurka kalera atera dira Baionan
  • Mobilizatzera deitu duten eragileek salatu dute Immigrazio Lege berriak ez diola erantzuten “erbestera behartuta doazenak modu duinean hartzeko betebeharrari”.

Izaro Villarreal Lauroba 2024ko urtarrilaren 22a
Immigrazio lege berriaren aurka, Frantzian eginiko manifestazio jendetsuenetako bat. // Argazkia: EITB

Iragan abenduan onartu zuen Immigrazio Lege berria Frantziako Asanblea Nazionalak, baina zer-esana ematen jarraitzen du oraindik ere. Ipar Euskal Herriko hainbat gizarte eragilek mobilizazioa egin dute igandean, Frantziako suprefeturaren aurrean. Salatu dute legeak ez diola erantzuten arrazoi ezberdinen ondorioz “ihes egitera behartuak izan diren gizon, emakume eta haurren beharrei”, eta ezta horiek “modu duinean hartzeko betebeharrari” ere. Legea bertan behera uzteko eskatu dute antolatzaileek.

Ezkerreko alderdiek eta ekologistek legearen aurkako helegitea aurkeztu zuten Konstituzio Kontseiluan, eta hark datorren ostegunean, hilak 25, emango du testuaren konstituzionaltasunari buruzko erabakia. Izan ere, zalantzak daude arau berria uztartu ote daitekeen Frantziako Konstituzioarekin.

Baionan ez ezik, Frantziako Estatu osoan ere protestak izan dira asteburuan, eta dozenaka mila lagun atera dira kalera. Orotara, 164 martxa zeuden deituta herrialde osoan.