Ilustrazioaren "argiak" aztertuko dituzte Azkoitiko Insausti jauregian

  • Gaurtik (14) hasi eta larunbata bitartean Ilustrazioa, ilustrazioak izeneko nazioarteko kongresua egingo da Azkoitiko Insausti jauregian, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak antolatua. XVIII. mendeko korronte historikoa gertutik aztertuko dute bertara bilduko diren adituek. Besteak beste, Ilustrazioa kontzeptua definitzen ahaleginduko dira, eta Euskal Herrian izandako mugimenduak ere izango dituzte hizpide.


2007ko azaroaren 14an - 00:00
Azken eguneraketa: 2014-03-25 09:12:02
Insausti jauregia

Duela urtebete zabaldu zuten Azkoitiko (Gipuzkoa) Insausti jauregi berritua. Bertan kokatuko da XVIII. mendeko Ikasketen Institutua, eta hain zuzen eraikin hori izango da Ilustrazioari buruzko nazioarteko kongresuaren elkargune nagusia. Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak lau eguneko egitarau zabala antolatu du, hilaren 14tik 17ra bitartean. Hitzaldi, mahainguru eta ibilaldiek osatzen dute programazioa, eta horretaz gain musika kontzertuak ere izango dira, Zestoako bainuetxean, esaterako, dantza barrokoa eta Argien Mendeko musika entzuteko aukera izango da.

 

Ilustrazioak XVII. mende amaieratik Frantziako Iraultzara arte (1789) iraun zuen. Erresuma Batuan eta Frantzian jaio eta Europa osora zabaldu zen segituan. Arrazoiaren bidetik gizarte kultuak absolutismoak gaindituko zituela uste zuten ilustratuek. Horrela, gizartearen elite batek ezagutza landu zuen ekonomia, zientzia eta kulturaren arlo askotan (entziklopedia), ordura arte egondako iluntasunari “argia emateko”. Euskal Herrian Bergarako Errege Mintegia eta Euskal Herriko Adiskideen Elkartea izan ziren ilustratuen abanderatu, Peñafloridako kondeak gidaturiko Azkoitiko zalduntxoak ibili ziren entziklopedisten ideien alde lanean.

 

Insausti jauregiko kongresuan lau esparru nagusi jorratuko dituzte batez ere. Alde batetik, korronte intelektual honen definizio orokorra landuko dute, bestetik gai zehatzagoak eztabaidatuko dituzte, esaterako, Ilustrazioaren inguruko ikerketa historikoen gaur egungo egoera zein den. Ilustrazioaren “aldaerek” ere izango dute lekurik biltzarrean eta Euskal Herrian XVIII. mendean izandako loraldia gertutik jarraitu ahal izango da, pertsonaia ilustratuak eta elkarteak adibide gisa hartuta.

 

Hitzaldiak goiz eta arratsalde izango dira, eta Insausti jauregian ezezik, Bergarako Errege Mintegi zaharrean ere egongo da konferentziarik. Horretaz gain, Loiolako basilikan eta Azkoitiko alderdi historikoan ibilaldiak antolatu dituzte.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Matxinadak Euskal Herrian
Atzerantz ala aurrerantz matxinatu?

Gizarte- eta protesta-mugimenduen historia aztertzen denean, ikergai oparoenak Aro Garaikidekoak izaten dira. Iturriak ugariagoak dira, gatazkak ere bai, eta gainera, ikertzaileok ikergaiaren mundu ikuskera konpartitzen dugu. Hau da, aurrerabidearen eta progresoaren galbahetik... [+]


Duela 130 urteko Gamazadako biktimak oroitu dituzte Donostian

Gutxienez sei pertsona hil zituen Guardia Zibilak, Gamazada erreboltaren baitan duela 130 urte izandako istiluetan. Kantu bat askatasunari izeneko omenaldia izan da.


2023-08-24 | Ilargi Manzanares
Gamazadako sei biktimei omenaldia egingo diete igandean Donostian

Abuztuaren 27an Gernikako Arbola kantatuko dute Donostiako Boulebarrean Gamazada Donostian Herri Ekimenak aurkeztutako omenaldian, “Kantu bat askatasunari” lelopean.


Yokohamatik Segurako udal artxibora, ikertzera

1766an gariaren prezio igoerak eragindako matxinada ikertzen ari da Hide (Yokohama, 1994), doktore tesirako. Segurako Udal artxibora jo du lanaren inguruko dokumentazioa bilatzeko.


Eguneraketa berriak daude