argia.eus
INPRIMATU
Ikuskizunen sektoreko langileen egoera “alerta gorrian” dagoela salatu dute
  • Ikuskizunen sektorean aritzen direnen baldintzak salatu dituzte ostegun honetan. Alerta Gorria izeneko ekimena Bilbon, Gasteizen eta Iruñean izan da.

Mikel Eizagirre 2020ko irailaren 18a
Teknikarien mobilizazioa Gasteizen. Argazkia: Firma

Ikuskizunen sektoreak bizi dituen zailtasunak salatu dituzte arlo horretako hainbat profesionalek Hego Euskal Herriko zenbait hiriburutan. Borondate horren adierazle izan da ostegunean Bilbon, Gasteizen eta Iruñean egindako Alerta Gorria ekimena. Kultur ekitaldiak, ikuskizunak eta emanaldiak beste edozein jarduera bezain egingarriak direla aldarrikatu dute, osasunerako segurtasun baldintzak beteta.

Ez da ikuskizunetako teknikariek Euskal Herrian mobilizazio ikusgarriak egin dituzten lehen aldia, izatez, pandemiaren ondorengo neurri murriztaileekin euren ogibidea “hil ala biziko egoeran” dagoela nabarmendu izan dute behin baino gehiagotan. Iñigo Hermosilla izan da ostegun honetako manifestazioaren bozeramaile. Hermosillak sektorea “kinka larrian” dela eta administrazio publikoek “ikuskizunen agenda berrabiarazi” egin behar luketeela adierazi du, batez ere udalen esku dauden horiek.

Euskal Herriaz gaindi, arloko profesional gehiago batu dira manifestazioetara, Espainiako Estatuko hainbat hiritan, lelo eta helburu bera partekatuz. Denera, 23 mobilizazio egin dira Alerta Gorria dinamikaren barruan.