Bost pertsona epaituko dituzte asteazkenean eta ostegunean Nafarroako Lurralde Auzitegian, iazko Sanferminetako txupinazoan ikurrina jartzeagatik. Auzipetuek herritarrei indarrak batzeko deia egin diete, ikurrina erakusteak ez lukeelako delitua izan behar.
Aste honetan deklaratu beharko dute 2013ko sanferminetan udaletxe aurrean ikurrina zintzilikatzeagatik inputatutako bostek, asteazkenean eta ostegunean. Iazko urrian sei pertsona atxilotu zituen poliziak, eta “delitu zantzuak” antzeman zituen Iruñeko 2. Instrukzio Auzitegiko epaileak.
Mikel Valdivieso, Josu Gracia, Iker Garzia, Natxo Barriuso eta Iñigo Ramaio dira auzipetuak, eta bi urteko zigorrari egin beharko diote aurre. ‘Arrantzale bizardunek’ agerraldia egin dute Auzitegi aurrean eta Ikurren Legea bertan behera uzteko indarrak batzera deitu dute.
Naizek Twitter bidez argitaratu duenez, epaileak euskarazko itzultzailea ukatu die, epez kanpo eskatu dutela argudiatuta.