argia.eus
INPRIMATU
Ikur eta mehatxu naziak, poliziaren pasibotasunak babestuta
  • Eskuin muturreko hainbat pertsonak ikur naziak erakutsi, Hitlerren alde oihu egin eta Artur Masen aurkako mehatxuak haizatu dituzte ostegunean Valentzian. Halaber, Bartzelonako Justizia Jauregiaren aurrean elkarretaratzea egin duten antifaxistak eraso dituzte hogei bat ultraeskuindarrek. Poliziaren pasibotasuna nabarmendu dute lekukoek.

Jon Torner Zabala @jtorner 2014ko urriaren 10

Valentzian, Diada eguna dela-eta egindako banderaren desfilean, aurreko urteetan gertatu den moduan, uniformatutako ultraeskuindar talde bat ekitaldia sabotatzen saiatu zen, Valentziako Intersindikalak grabatutako bideoan ikus daitekeenez. Ikur naziak erakutsi eta mehatxuka aritu baziren ere, poliziak apenas egin zuen ahaleginik protesta ixilarazteko.

Sare sozialetan, esaterako, bolo-bolo zabaldu da ondoko irudia. Ez da gutxiagorako. II. Mundu Gerrako alemaniar uniforme militarra zuen gizonezko batek esbastikadun bandera haizatu zuen, "abortua genozidioa" zioen leloarekin, Valentziako agintarien –eta polizia baten– pare-parean. Inork ez zuen imintziorik txikiena ere egin, Vilaweb agerkariak jaso duen bezala.

Bestalde, Bartzelonan, hogei bat ultraeskuindarrek Justizia Jauregiaren aurrean bildu ziren antifaxistak jo zituzten, han zeuden Mossoen pasibotasuna baliatuz, lekukoek salatu dutenez. Faxistek okupatutako Casal Tramuntana etxearen sustatzaile Alejandro Fernandezi lesioak eragin izanaz akusatutako bi laguni babesa adieraztera hurbildu ziren antifaxistak Justizia Jauregira. Directa.cat agerkariak azaldu duenez, MSR alderdi neonaziko eta Falangeko kideak eta Hospitaleteko PxC Plataforma per Catalunyako zinegotzi Alberto Sánchez zeuden antifaxisten aurka oldartu ziren pertsonen artean.

Directa.cat webgunean topatu dugu, halaber, beste albiste hau ere: Movistar TV eta Canal Historia kateak antolatuta, Mobile World Centre-Espai Movistar azoka egin da Bartzelonako Catalunya plazan. Espazioak, besteren artean, Historiako lurrinak erakusketa jaso du. Haien artean bazen Hitlerren ezaugarriak oinarri hartuta sortu duten perfume bat, diktadorearen biografiak lagunduta. Bada, Directa.cat-ek "errebisionistatzat" jo duen biografiak ez du inolako erreferentziarik egiten nazien krimenen inguruan.