argia.eus
INPRIMATU
Ikerketa zientifikoen arabera pertsonek transmititu diezaiekete koronabirusa animaliei, baina ez alderantziz
  • Animalietan diagnostikatutako COVID-19 kasuen ondotik, animaliek koronabirusa hedatu ote dezaketeen, zalantza sortu da. Ikerlarien arabera, baina, gizakiak dira animaliak kutsatzen dituztenak, eta ez alderantziz.

ARGIA @argia 2020ko apirilaren 10
(Argazkia: An Min)

New Yorkeko Bronx auzoko zoologikoko tigre bat koronabirusaz kutsatuta zegoela eman zuen jakitera The Guardianek apirilaren 6an. Ez zen animalietan erregistratutako lehen koronabirus kasua, aurretiaz diagnostikatuak izan baitziren bi txakur Txinan eta katu bat Belgikan. Birusak animaliei ere eragiten diela jakitearekin bat, horiek gizakia kutsatu ote dezaketen, artega sortu da jendartean. Alabaina, ikerketak kontrakoa nabarmentzera datoz: animaliek gizakia kutsatu dezaketela frogatzen duen ebidentziarik ez omen da, baina frogatua ei dago gizakiok animaliak kutsatu ditzakegula. Aipatutako lau animalien kasuan, ondorioztatu da txakurrak eta katua beren jabeek kutsatu zituztela, eta tigreari langile batek transmititu ziola birusa.

Txinan egindako ikerketa baten arabera, katuak eta hudoak beste animaliak baino sentiberagoak dira birusarekiko, eta txakurretan adibidez, kutsatzeko joera ez da katuetan bestekoa. Horrez gain, gaur arte jazotakoaren arabera, birusa ez da arriskutsua animalietan –apenas izaten omen dute sintomarik– eta ez dago animaliek gizakiak kutsatu ditzaketela adieraztera datorren frogarik.

Koronabirusa, beraz, “zoonosi iruntzia” da orain arte ikertutakoaren arabera: birusa pertsonatik animalietara pasa daiteke, baina ez alderantziz. SARS-CoV-2 birusa animalietatik gizakietara pasatzeko unean bitartekari izandako animalia alde batera, ez dirudi animaliek gizakiak koronabirusaz kutsatzen dituztenik.