argia.eus
INPRIMATU
Ikerketa kazetari kolonbiar batek salatu du paramilitarrek bortxatu eta torturatu zutela
  • Jineth Bedoya izeneko kazetari kolonbiarrak estatu aparatuen babesa zuten eskuin muturreko paramilitarrak salatu ditu bera 2000. urtean bahitu, torturatu eta bortxatzeagatik. Giza Eskubideen Auzitegi Interamerikarrean bere salaketa aztertzen ari dira. Garai hartan, AEBen babes ekonomiko eta politikoa zuten eskuin muturreko paramilitarrak edo heriotzaren eskuadroiak ikertzen ari zen Bedoya kazetaria.

Lander Arbelaitz Mitxelena @larbelaitz 2021eko martxoaren 17a
Jineth Bedoya artxiboko argazki batean.

Bogotako espetxe baten kanpoaldean bahitu zutela, drogatu egin zutela, kolpatu eta hainbat pertsonak behin baino gehiagotan bortxatu zutela salatu du, Democracy Now hedabidean irakur dezakegunez.

Epaitegian bere bortxaketaren testigantza gogorra emateaz gain, Bedoyak adierazi du ordutik bi hamarkadaz jazarpena, intimidazioa eta etengabeko mehatxuekin bizi behar izan duela.

Giza Eskubideen Nazioarteko Auzitegiak bere ikerketan aurrera jarrai ez dezan saiatzen ari da Kolonbiako Gobernua. Bedoyak bere kasuaren eraginaz hitz egin zuen hilabete hasieran sare sozialetan zabaldutako bideo batean.

"Nire kasua nazioarteko gorte batera ekartzea ez da soilik emakume eta kazetari gisa gertatu zitzaidana salatzea, baizik eta itxaropen leiho bat irekitzea, ni bezala, Kolonbiako gatazka armatuan sexu erasoak jasan behar izan dituzten milaka emakume eta neskari", adierazi du.

Hemen ikus daiteke Bedoyaren salaketa.