Gaindegiak Euskal Herriko denda txikien erradiografia egin du. Azkeneko urteetan %10 jaitsi da herriak bizirik mantentzeko ezinbesteko diren saltoki horien kopurua.
Baionan IKEA multinazionalak beste gune handi bat ireki izanak alarma piztu du berriz ere merkataritzaren alorrean. Prekaritatean oinarritutako eredua salgai duten saltoki handiok kinka larrian utzi dituzte hainbat eta hainbat denda txiki.
Gaindegiak bere azterketan nabarmendu duenez, Euskal Herrian dauden 17.000 saltokietatik %98 denda txiki tradizionalak dira, baina alde nabarmenak daude tokiaren arabera. Hala, hiriburuetan saltoki txikien kontzentrazioa handia den bitartean, zenbait eskualdetan “isolamendua da nagusi”, Nafarroa Garaiko Pirinioetan eta Araba hegoaldean bereziki.
IKEA berria ireki duten eremuan, Lapurdiko kostaldean, Euskal Herriko saltoki dentsitate handiena dago –Baionako Merkataritza Ganberaren arabera Frantziako Estatuko merkataritza kontzentrazio handiena pilatzen da bertan–, baina saltokiok ez daude herrietako merkataritzari eta bizimoduari lotuak.
Behategiaren arabera 2010etik 2014ra bitartean %10 egin du behera saltoki txikien kopuruak. Azken urteetako krisiak zerikusi zuzena du beherakada horrekin, baina Gaindegiak dio azalera handiko guneak gertu dituzten herrietan izan direla “gainbehera larrienetako batzuk”.
Gorbeia inguruetan, esaterako, saltoki txikiek %17,8 egin dute behera 2008tik hona –Zigoitiako Gorbeia merkatal zentro erraldoia dago bertan–, eta Bidasoaldean ere beherakada %17,2koa izan da, Irunen bi saltoki handi irekitzearekin batera.