argia.eus
INPRIMATU
Greba Nafarroako hezkuntza publikoan
Ikasturteko hirugarren greba deialdia ere arrakastatsua izan dela diote sindikatuek
  • Ikasturtea hasi denetik hirugarren greba eguna izan da ostegunekoa Nafarroako Hezkuntza Publikoan eta goizeko mobilizazioen ondoren, LAB, Steilas, ELA eta CCOO –protestaren deitzaileak– pozik agertu dira. Euri jasak eta hotzak lagundu ditu etengabe irakasleak Iruñeko kaleetan.

Xabier Letona Biteri @xletona 2025eko urtarrilaren 30
Manifestazioa Iruñeko kaleetan. Steilas

Irakasleak berotze ariketak eginda atera dira kalera ostegun honetan, udazkenean dagoeneko bi greba eginda baitzituzten. Emaitzarik gabe, ordea. Batasun sindikala ere hautsi da oraingoan, aurreko bi deialdietan UGT, Afapna eta ANPE sindikatuek ere bat egin baitzuten grebarekin. Oraingoan ez. Hezkuntza Departamentuko Kontseilariak negoziazioa eskaini eta iragan azaroan hiru sindikatuek akordioa sinatu zuten harekin.

Hezkuntza Departamentuaren arabera, hainbat adostasun lortu ziren ratioetan, pedagogia indartzeko neurrietan, irakasleen lan zaman eta lan burokratikoetan, egonkortasunean eta lan sarietan. Gaurko greba deitu duten lau sindikatuek hezkuntzan gehiengo handia dute eta, haien aburuz, akordio horrek ez ditu asebetetzen hezkuntzako beharrak. Horiek lortu arte presionatzen jarraituko dutela azpimarratu dute gaurko egunean.

Ratioak –ikasle kopurua gelako– jaistea, irakasleen egonkortasuna handitzea, erosahalmena berreskuratzea eta lan zama arintzea hezkuntza publikoa hobetzeko derrigorrezko aldarrikapen moduan ikusten dituzte, eta horiek negoziatzera berriz deitu dute Hezkuntza kontseilaria.

Ehunka aterki atzera aurrera kalean

Goiz hasi dira greba lanetan ikastetxeetan eta hainbat tokitan piketeak egin ondoren, 10:00etan zutabeak abiatu dira Iruñeko Alde Zaharrean egoitza nagusia duen Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamenturantz. Han bildu dira ehunka pertsona eta San Domingo eta Estafetatik barrena, Karlos III.a etorbidera iritsi dira, Nafarroako Gobernuaren aurrera. Euriak goian behean jarraitzen zuen, eta egoera ikusita, irakasleen artean aipatzen zuten ez zirela gutxi bildu kontuan izanda eguraldia nolakoa zen.

LABeko Josu Arraizek eta CCOOko Unai Alavak adierazpenak egin dituzte bertan eta grebaren jarraipenaren datu zehatzik eman ez badute ere, pozik agertu dira hezkuntzako langileek emandako erantzunarekin. Azpimarratu dute hirugarren greba dela denbora gutxian eta eguraldia ere halakoxea zela, eta hala ere jende asko atera dela kalera.

Aipamena egin diote ere beste sindikatuek lortu zuten akordioari, baina ez dela nahikoa eta mobilizazioetara itzultzeko dei egin diete: “Lortu zuten ratioen beherakadak kanpo uzten ditu Bigarren Hezkuntza eta Lanbide Hezkuntza, eta gainera ez ditu kontuan hartzen kurtsoa errepikatzen duten ikasleak”. 2010etik erosahalmena galtzen ari direla aipatu dute, “hori berreskuratu beharra dago”.

Irakasleen egonkortasuna ere azaleratu da balorazioan, “oraindik ez gara iritsi Europako arauek agintzen dutenera”. Azken arazo hau dela eta, irakasleen multzo handi batek ez du oraindik finkotasunik toki batean eta, ondorioz, ikastetxez ikastetxe ibili behar dutela salatu dute, eta horrek ez duela laguntzen ikastetxeetako proiektu pedagogikoa egonkortzera.

Sindikatuek eskatu diote Carlos Gimenori behingoz eseri dadila serio negoziatzera, bestela mobilizazioekin jarraituko dutela. Kontseilariak erantzun die grebak kalte handia egiten diola hezkuntza publikoari eta apirilera arte ostegunero arituko dela negoziazio mahaian sindikatuekin.

Hezkuntza publikoaren kalitatearen aldeko gaurko mobilizazioei amaiera emateko, 17:30ean Iruñeko Udal plazan biltzeko deia egin diete sindikatuek herritarrei.

Hemen eguneko hainbat argazki:

Argazkia: Steilas
Argazkia: Steilas
Argazkia: Steilas

 

Argazkia: Steilas
Argazkia: Steilas