argia.eus
INPRIMATU
Ikastolen Elkarteak dio matrikulatu diren ikasleak ez dituztela beste zentroetara bideratuko
  • Ikastolen Elkarteak ezohiko batzar bat egin du asteazkenean Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ikastolekin. Hezkuntza Sailaren onarpen aginduan jasotako zenbait punturen aurka agertu dira eta exijitu dute Euskal Hezkuntza Sistema osatzen duten ikastetxe guztiek matrikulaziorako baldintza berak izatea. 

Leire Rodriguez Garmendia @leirero_22 2023ko martxoaren 30a
Ikastolen Elkartea osatzen duten ikastoletako kideak, artxiboko argazki batean.

Ikastolen Elkarteak ezohiko batzar bat egin du asteazkenean Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ikastola guztiekin, egungo hezkuntza testuinguruaren aurrean ikastolek duten jarrera ezagutu, aurrematrikulazio prozesuan atera diren emaitzak aztertu eta balorazio bateratu bat egiteko asmoz. 

Hezkuntza Sailaren Onarpen aginduan jasota dago ikastetxe guztiek eskubide eta betebehar berberak izango dituztela. Hala ere, Ikastolen Elkarteak salatu du ezberdintasunak egiten ari direla titulartasun ezberdineko ikastetxeen artean. Hortaz, Ikastolen Elkarteak exijitu du Euskal Hezkuntza Sistema osatzen duten ikastetxe guztiek matrikulaziorako balditza berak izatea. Hori gertatzen ez bada, ikastoletan matrikula eskaera egin duten ikasle guztiei eusteko konpromisioa hartu du eta nabarmendu du ez dituztela beste zentro batzuetara bidaliko.

Gainera, familiek aurrematrikulazio prozesuan bete dituzten galdetegiak baloratzeko erabilitako irizpideak publikoki argitaratzea eskatu dute.