Istripu eta larrialdiei erantzutea eta gaitz kronikoak dituzten ikasleak artatzea lirateke, besteak beste, erizainak eskolan lituzkeen funtzioak, gaur egun gehienbat irakasleen bizkar geratzen dena. Eskoletan erizain batek egon behar duela aldarrikatzen urteak daramatza SATSE erizainen elkarteak, guraso talde batek orain Osasun eta Hezkuntza sailburuei helarazi die eskaera.
Diabetesa, alergiak –batzuk bortitzak–, asma, epilepsia… Gaitz kronikoak gero eta ohikoagoak direla eta horiei erantzuteko ikastetxeetan erizain batek egon behar lukeela dio SATSEk. Baina ez horretarako bakarrik: ikasleen osasun heziketan –elikadurari lotuta, adibidez–, prebentzioan, zainketan, laguntzan… lan handia egin dezakeela diote. Normalean, irakasleak dira kontu horiei guztiei erantzun behar dietenak, baina sarri ez dute ez informaziorik ez nahikoa prestakuntzarik larrialdiak garaiz aztertu edo oinarrizko tratamenduak bideratzeko.
27 erizain Hego Euskal Herriko eskoletan
SATSEren esanetan, osasun sistema publikoko erizainak jarri behar dira eskoletan, lehen arretakoak, eta kasuan kasu, erizain bakarrak eskola bat baino gehiago izan ditzake bere ardurapean. Euskal Herrian, baina, ez da ohikoa ikastetxeak erizaina izatea, legeak ez duelako horretara behartzen. Espainiako Estatuan, Madril da legez eskoletarako kontratatzen dituen erkidego bakarra. Eskola Erizaintzaren Behatokiko datuen arabera, 2023an 27 erizain zituzten Hego Euskal Herriko ikastetxeek: hemezortzi EAEn eta bederatzi Nafarroan.
Diabetesa duten haurren guraso talde bat (Mi dulce guerrero elkartekoak) harremanetan jarri da Gotzone Sagardui Osasun sailburuarekin eta idatzia bidali diote Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuari, eskoletan erizainaren figura beharrezkoa dela adierazteko. Ez dutela erantzunik jaso kontatu dute El Diario Vasco egunkarian. Horrez gain, Irungoa den elkarte horrek eskolako erizainak kontratatzeko mozioa aurkeztuko du hiri horretako udalean, alderdi politiko guztien babesa jaso ostean.