Fridays For Future (Etorkizunaren aldeko ostiralak) dinamikaren barruan mundu osoko ikasleentzako deia zabaldu dute maiatzaren 24rako. Martxoaren 15ean egin zen aurreko greba eta Euskal Herri osoko ikasleek egin zituzten greba eta elkarretaratzeak.
Ikasle protesta berria hasi zen Greta Thunberg gaztearen inguruan. 2018ko abuztuaren 20an, ostirala, orduan 15 urte zituen neskatoak eskola utzi eta Stockholmgo parlamentuaren atarian eserialdia egin zuen, alboan zeukala “Skolstrejk för klimatet“ (Eskola-greba klimaren alde) zioen afixa. Irailaren 8an esan zuen Suediako Gobernuak klimaren aldeko Parisko ituna sinatu eta karbono isuriak murrizteko erabakia hartu arte, ostiralero egingo zuela eskola-greba.
Thunbergek Fridays For Future –Etorkizunaren aldeko ostiralak– bataiatu grebak laster bildu zituen jarraitzaileak eskola askotan. Azaroan milakoetan konta zitezkeen Australiako ostiraletako grebalariak. Abendurako uhinak senti zitezkeen mundu osoan: Austria, Belgika, Kanada, Herbehereak, Alemania, Finlandia, Danimarka, Japonia, Suitza, Britainia Handia, AEBak...
Euskal Herrian nagusiki Bizi! mugimenduak egin dio jarraipena gazte mugimendu berriari.