Aintzane Mariezcurrena Afan elkarteko psikologoak nabarmendu du “oso garrantzitsua” dela txikitatik alzheimerrari loturako zalantzak argitzea eta gaiaz hitz egitea, haurrek beldurrik izan ez dezaten.
Alzheimerra eta bestelako dementziak dituzten pertsonen senideen Nafarroako elkartea da Afan. Dementziaren bat duten senideen zaintzaileei laguntza eskaintzea, sentsibilizatzea eta ikerketak babestea dira elkartearen xedeetako batzuk. Arrain bat ikasgelan bezala. AFAN Alzheimerra ekimena antolatu dute, 2025-2026 ikasturtean ikastetxeetan alzheimerraren eta beste dementzia batzuen inguruan sentsibilizatzeko. Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailako ikasleei zuzenduta dago, berrogeita hamar minutuko saioak izanen dira eta eskola orduetan emanen dituzte. Kultura eta hezkuntza dinamikak uztartuko dituzte. “Afan elkarteak zenbait gauza egin izan ditu eskoletan, baina horren lan sakona ez”, esan du Aintzane Mariezcurrenak.
Maestras konpainiak sorturiko Arrain bat bezala antzezlana oinarri hartuta helduko diote gaiari. Ana Maestrojuan zuzendariaren lan bat da, eta obrako protagonista den Martzialen bizitzaren bidez, alzheimerra hobeto ulertzeko zenbait gako landuko dituzte haurrek. “Elkartera datozen helduek aipatzen dute haurrek ez dakitela zer gertatzen zaion amatxi edo aitatxiri eta ez dakitela nola azaldu”, esan du Mariezcurrenak. Horretarako, Arrain bat bezala antzezlana kontakizun labur bihurtu eta eskolako tresnekin gaia landu nahi dute. Oraindik saioen nondik norakoak zehazten ari dira, baina otsailaren bueltan hasteko asmoa daukate.
“Elkartera datozen helduek aipatzen dute haurrek ez dakitela zer gertatzen zaion amatxi edo aitatxiri eta ez dakitela nola azaldu”
Hiru helburu nagusi dituzte: gaixotasunaren gaineko oinarrizko ezagutza eta enpatia lantzea, estigma kentzea, eta gaixotasun hori duten pertsonak eta haiekin bizi direnak txikitatik sentsibilizatzea. Mariezcurrenaren arabera, egoera aldatu den arren, egun oraindik estigma handia da: “Duela urte batzuk ezohikoa zen oso garatuta zegoen dementzia bat zeukan pertsona bat paseatzen ikustea kaletik. Ez zituzten etxetik ateratzen. Aldatu egin da, baina oraindik ere kostatzen da, edertasuna, gaztetasuna, produktibitatea eta aktiboa izatea goraipatzen diren gizarte batean bizi garelako”. Halere, sentitzen du geroz eta gehiago hitz egiten dela heldu zein haurrekin: “Beste era batera komunikatzen gara orain umeekin. Horri esker ez dira prozesutik at geratzen eta modu naturalagoan bizi dezakete”.
Oinarrizko gauzak ikasteko bide
Ikastetxeetan eginen dituzten saioak laburrak direnez, ez dute nahi adina gauza lantzeko astirik izanen. Horregatik, nabarmendu du asmoa dela oinarrizko gauzak ulertzea: “Nahitaezkoa da umeek ulertzea beldurrik ez sentitzeko. Nire esperientziaren arabera, umeak izutu egin daitezke aitatxiren edo amatxiren erreakzio batzuekin”. Haurrak orokorrean oso mugituak eta energia handikoak izaten direnez, dementzia duen norbaitek lasaitasuna behar duela ulertzeak asaldadura baretzen lagundu dakiekeela uste du: “Dementzia duten pertsona askori bilobekin egotea kostatzen zaie, oso urduriak direnez aztoratu egiten direlako”.
Ez daki komunikatzeko tresnak lantzeko denborarik izanen duten, baina zenbait zertzelada eman ditu. Adibidez, horrenbeste hitz egin beharrean, irribarre egitea edota goxotasunez eskua heltzea. “Batzuetan agian aitatxik ez gaitu ezagutzen, baina ulertarazi behar diegu beraiekin komunikatzeko eta harreman afektibo bat sortzeko beste modu batzuk daudela”, esan du. Haurren kasuan, helduekin baino errazagoa dela sentitzen du, egokitzeko gaitasun handiagoa dutelako.