argia.eus
INPRIMATU
Ikasleak sexuka banatzen dituzten ikastetxeak finantziazio publikorik gabe uzteko erabakia berretsi du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak
  • Irabia-Izagak jarritako helegitea ezeztatu du, epaitegi konstituzionalak itunpeko ikastetxeen baldintzei buruzko azken ebazpenari helduta.

Euskalerria irratia @fm983irratia 2023ko irailaren 28a

Nafarroako itunpeko ikastetxeek ikasgela mistoak izan beharko dituzte baldin eta finantziazio publikoa jasotzen jarraitu nahi badute. Horrela agindu zuen 2022.urtean Nafarroako Gobernuak, LOMLOE estatuko hezkuntza legea eskutan, eta hala berretsi du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak.

Foru erkidegoan lau dira egun beren ikasleak sexuka banatzen dituzten ikastetxeak. mutilak soilik onartzen dituzten Irabia eta El Redin; eta neskendako soilik diren Miravalles eta Izaga. Laurak Opus Deirekin lotutako ikastetxeak dira.

LOMLOEren ezarpen hau ezagutu zenetik, bi bide hartu zituzten ikastetxe hauetan. Gobernuarekin ituna berehala ez galtzeko, ikasgela mistoak gradualki ezartzen hasi ziren, beheko kurtsoetatik hasita. Halaber, haien eredu segregatzaileari eusteko, bide judiziala ireki zuten, arauaren kontrako helegiteak estatuko eta Nafarroako auzitegietan jarriz.

Azken hilabeteotan ezagutu diren ebazpenek atzera bota dituzte ikastetxe erlijiosoen asmoak eta LOMLOE legeak dioena berretsi. Ikasleak sexuka banatzen dituzten ikastetxeek ezingo dute finantziazio publikorik jaso, beraz itunetik aterako dira.

Irabia ikastetxeak helegitea jarri zuen, dagoeneko matrikulatuta eta eskola ibilbidea abiatuta zuten ikasleei eragiten ziela argudiatuz, legearen atzeraezintasuna aldarrikatuz. Epaitegiak erantzun dio, gobernu eta ikastetxeen arteko itunak eta akordioak berrikusi daitezkeela, eta itunak bertan behera utzi, baldin eta legeak esaten duena ez bada betetzen. Hartara, 2026-2027 Ikasturterako ikasgela mistoak izan beharko dituzte haien ikastetxeetako maila guztietan.