argia.eus
INPRIMATU
Ikasleak kanpaldiak egiten ari dira Italian, etxebizitzen prezioa eskuraezina delako
  • Milanen, batez beste, hilean 810 euro balio ditu partekatutako etxebizitza bateko gela batek. Gobernuak alokairu sozial moduko etxebizitzak eskaintzen dizkie unibertsitateko ikasleei, baina beharren %5 baino ez du asetzen.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2023ko maiatzaren 23a
"Kanpin denda, ikasleentzako AirBnb-a" dioen kartela, Milanen, aipaturiko protestetan.

Maiatzaren hasieran, 23 urteko ikasle batek kanpin denda zabaldu zuen Milanen, graduko ikasketak egiten ari den unibertsitatearen atarian. Ekintza sinbolikoa hauspotu dute Erroman eta Bolonian ere, esaterako. Eskatzen dutena, hain sinpleki, zera da: etxebizitza gehiago behar direla campusetatik gertuago, eta prezio eskuragarrian. Unibertsitate gradua ikasteak dakarren esfortzu akademikoaz gain, gaitasun ekonomikoak mugak ezartzen dituela argudiatzen dute, adibidez, gradua aukeratu eta jaioterritik alde egiterako orduan, edo helmuga aukeratzerakoan.

El Salto hedabideak aipatzen duen txostenaren arabera, Milanen, batez beste, hilean 810 euro balio ditu etxebizitza partekatu bateko gela baten alokairuak; Erroman, 630 euro; Venezian, 580 euro; Florentzian 570 euro; eta, Bolonian, 530 euro.

Protesta egiten ari diren ikasleen arabera, badira gobernuak ikasleei eskaintzen dizkieten alokairu sozialak, baina horiek soilik beharren %5ari erantzuten diete –haiek eskainitako datuen arabera, Espainiako Estatuan %10 asetzen du, eta %17koa da Europako batez bestekoa–.

Areago, Italian, unibertsitatera doazen ikasleen ia 10etik 7k erabakitzen dute gurasoen etxean geratzea –datuetan argitu gabe geratzen da ea gurasoen etxean geratzen diren zenbatek hartu duten erabakia benetan hala nahi izanda, eta zenbatek baldintza ekonomikoek eraginda–.

Gaitasun ekonomikoa, beherantz

Bada arreta ematen duen beste datu bat ere: Italian, 1990etik 2020ra, batezbesteko soldatak behera egin du ia %3.

Inflazioak, berriz, Italiako azken datuen arabera, %8 egin du gora urte bakarrean, 2022ko apiriletik 2023ko apirilera.

Alderaketa egiteko, soldaten bariazioa, hainbat herrialde biltzen dituen italierazko grafikoan: