argia.eus
INPRIMATU
Ikasleak idaztera eta hitzaren garrantziaz gogoetatzera bultzatu ditu Harkaitz Canok
  • Harkaitz Canoren luxuzko idazketa tailerraz gozatzeko aukera izan dute 150 inguru ikaslek. “Idazten jakin behar da, bestela besteek idatziko zaituztete-eta”, azpimarratu die. Praktikan ere ipini ditu ikasleak, eta barre egiteko tartea ere izan dute.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2025eko abenduaren 6a
Gorka Peñagarikano / ARGIA CC BY SA

Hasiera batean ordu eta erdiko saio bakarra izan behar zena, ordubeteko txanda bi bilakatu dira, ikastetxe askok eman dutelako izena. Bakoitzean, 60-70 ikasle inguru egon dira Harkaitz Canoren hitzei eta gogoetei segika, adi-adi, baita eskua altxa eta parte hartzen ere. Canok berak aitortu du saioa hasi aurretik: “Tenplea hartzea zaila izaten da halakoetan, ordubetez ikasle ezezagunekin, ez baitakizu nolako saioa irtengo den”.

Bigarren txandan egin du sartu-irtena ARGIAk, Abanto-Zierbenako, Arratiako eta Donostiako batxilergoko ikasleen artean. Idazle izatea “munduko gauzarik ederrena” dela esanez abiatu du hitzaldia Canok, Durangoko Azokako Ahotsenea plazak eta ostiraleko Ikasle Egunak hori baitute helburu, funtsean, irakurzaletasuna bultzatzea eta, eskutik, gazteak sorkuntzara animatzea. Baina markoa gehiago zabaldu du Canok: “Idazten jakin behar da, baita supermerkatuetako etiketak jartzeko ere; hitzak oso garrantzitsuak dira, eta idazten jakin behar da, bestela besteek idatziko dutelako zuei buruz”.

 Gorka Peñagarikano / ARGIA CC BY SA

Kultur arloko erreferentzia asko eta asko egin ditu hitzaldi osoan: Gabriel Aresti aipatu du lehenik –“hark zioen ez dagoela ezer berririk egiterik; hortaz, egon lasai, ez duzue ezer berririk sortuko-eta”–, Danele Sarriugarte eta haren Beste zerbait lan berria ere bai –irakurtzea gomendatu die gazteei, eta Sarriugarte erreferentetzat aurkeztu du–, Ez Dok Amairu, Xabier Lete eta Lurdes Iriondo, Eduardo Chillida eta Jorge Oteiza... eta haien obren izenez, edo hitzez, egin du gogoeta. Obra bat hartu eta galdera airera: “Nola ipiniko zeniokete izena honi?”.

Izan ere, hitzek bizitzan duten garrantzian egin du azpimarra, eta orobat hortik ardaztu ikastaroa. Aspergarria badirudi ere, etimologian eta hitzen historian arakatzea inportantea dela esan die, “hortik gatozelako”, funtsean. Adibidez, La Roja: “Lehen, Bilbo aldean La Roja esaten bazenuen, Dolores Ibarruriri buruz ari zinen hizketan, hala deitzen zioten-eta; baina orain, azken bi hamarkadetan eman diguten matraka medio, La Roja entzutean Espainiako gizonezkoen futbol selekziora joaten zaigu burua”. Adibide barregarri ugari ere ipini ditu, eta hala, gauzarik absurdoenak ere mahai gainean ipinita, “etorkizuneko hiztegia zuek sortuko duzue” esan du. “Edo sortuko dizuete, zuek egiten ez baduzue”. Itzultzaileek ere sortzen dute; hori ere idaztea da. Boterea dute itzultzaileek: “Demagun, Fuerzas y cuerpos de la seguridad del Estado, itzuli euskarara; Danele Sarriugarteri galdetu, eta Espainiako Polizia edo Militarrak hitzak esango dizkizu, eta horrela erabiliko ditugu; gauza bera al dira? Hara hor zer botere duten itzultzaileek”.

 Gorka Peñagarikano / ARGIA CC BY SA

Berrizendatu gauzak, zergatik ez?

Ariketa praktikoa proposatu die ikasleei. Hiruko edo lauko taldetan jarri, eta sormena landu bost minututan, hainbat enpresa edo erakunde berrizendatzeko, batzuk fikziozko.

Lehenik, berrizendatu Euskaltel, hau da, ipini izena euskal telefonia konpainia bati. Denetariko proposamenak luzatu dira: “Euskaldei”, “Han-hemen” eta “Dei-nei”, adibidez. Gero, Basque Culinary Centerri euskal izen hauek jarri dizkiete: “Dastatu-maitatu”, “sukaldEH”, “Zukaldari” edota “Gosearen Kontrako Gazte Asanblada”. Azken horrek barreak eragin ditu ikasleen artean. Gero, ez du arrakasta gehiegirik ukan Bilbao Exhibition Centre BEC!-i izena aldatzeko eskaerak; erantzun bakarra jaso da, “EtorriTaIkusi”. Antza, kontent daude ikasleak BEC!-ekin. Eta azkenik, Canok proposatu die euskal hegazkin konpainia baten izena asmatzeko, eta bost hauek jaso dira: “Hegalak”, “SorginHegan”, “Sasi guztien gainetik”, “Hegoaldi” eta “Txantxangorri airlines”. 

Ez da edozein ostiral batean Harkaitz Canoren bisita jasotzen, eta halako ikastaro interesgarri (eta dibertigarri) batean parte hartzen.