argia.eus
INPRIMATU
Ikasle transexualak artatzeko protokoloa abian da
  • Eusko Jaurlaritza ari da prestatzen eta EAEko ikastetxe guztietara zabaltzeko asmoa du.

Onintza Irureta Azkune @oirureta 2016ko otsailaren 12a
Luken haurrak duela gutxi eskatu du sexu nortasuna aldatzea, eta hemendik aurrera Lucia da. Asteasuko eskolan hala deitzen hasi dira. Argazkia: Arandia-Labaien familia.

Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiketarako sailburu Angel Toñak eta Hezkuntza sailburu Cristina Uriartek aurkeztu dute protokoloa, bi sailak elkarlanean ari baitira. Helburua eskola giroan haur eta gazte transexualek dituzten beharrak asetzea da eta horretarako hainbat jarraibide emango zaizkie irakasleei eta ikastetxeko gainerako langileei.

Haur eta gazte transexualen gurasoek eskatu zuten protokoloa eta behin bukatutakoan ikastetxe guztietara bidaliko da. Andaluzian, iaz antzeko protokolo bat prestatzen ari zirela jakinarazi zuten.

Bestalde, Gizarte Politiketarako Sailak iragarri du otsailaren 18an sexu nortasunari buruzko webgunea jarriko duela abian. Erakunde publikoek eta sexu nortasunaren inguruan lanean ari diren taldeek eskura duten dokumentazioa paratuko dute webgune horretan.