argia.eus
INPRIMATU
Ikasle talde batek bere gain hartu du Gasteizko Mercadonaren aurkako ekintza
  • Abenduaren 15eko gauean Gasteizko Olarizu hiribidean dagoen Mercadona taldeko supermerkatuko kristalak apurtuta eta pintura arrastoekin agertu ziren eta orain, ekintza honen ardura bere gain hartu du Gasteizko ikasle talde batek. Gazteiraultza.info-ra bidalitako mezuan, supermerkatu kateak epe motzean inguruko ekonomian sortuko duen kaltea aipatu dute.

Igor Agirre @igoragirre 2015eko otsailaren 04a
Kristalak apurtzeaz gain pintura arrastoekin ere agertu zen Gasteizko Mercadona. (Argazkia: Rafa Gutierrez).

Gertakarien ondoren supermerkatu taldeak adierazi zuenez, “bandalismoarekin lotutako erasoa” inolako arrazoi nabarmenik gabe egin zen. Ikasle taldeak Gazteiraultza.info-ri helarazitako mezuan, aldiz, “kapitalaren azken urteetako prozesu basatiaren baitan” kokatu du akzioa.

Ikasleek gogorarazi dute, Mercadona taldeak hiru supermerkatu berri zabaldu zituela Gasteizen 2014ean. Irekiera hauen aurrean komunikabideen oniritzi zabala eta babesa kritikatuz, honek eragingo dituen kalteak ez aipatzea ere leporatzen diete hedabideei ekintzaren egileek.

Beraien ustetan, ez da ezer esan supermerkatu kate horrek inguruko denda txikiengan, nekazariengan edo abeltzainengan sortuko duen eraginaren inguruan. Aldi berean, epe luzeagoan bertako errealitate sozioekonomikoan sortu ditzaken aldaketak azpimarratu dituzte.

Datozen urteetarako, guztira, 45 Mercadona irekitzea aurreikusten dute Euskal Herrian. Gasteizen dagoeneko hiru Mercadona daude eta aurten beste bat zabaltzea espero dute. Aurkako iritziak eragin ditu dagoeneko Mercadonaren zabalkunde prozesuak. Pasa den urteko ekainean, adibidez, Mercadonaren saltoki baten aurkako manifestazioa egin zuten Barañainen.