argia.eus
INPRIMATU
Ikasle nafarren %30ak ikasiko du aurten euskarazko D ereduan
  • Hiru urte bete dituzten 1.404 ikasle berri matrikulatu dituzte D edo B ereduetan, Nafarroan. Adin guztiak kontuan hartuz, 27.334 ikaslek ikasiko dute euskaraz. Matrikulen 67,8% ikastetxe publikoen sarean izan da.

Inhar Iraizotz Euskalerria irratia @fm983irratia 2025eko irailaren 05
Txantreako Bernart Etxepare eskola

Bizkarrekoak prest, eta udako oporren dolua egiteke oraindik, abiatzear da 2025/2026 ikasturtea Nafarroan. Iazko 113.700 ikasleei, beste 4.754 berri gehituko zaizkie haur hezkuntzako lehen urtean. Matrikulen %30 (1.404) euskarazko B eta D ereduan izan dira, gainerako 3.350 izen-emateak gaztelaniazko A eta G ereduetan izanen direlarik.

 2025/2026 ikasturteko datu orokorren berri eman du Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariak. Ikasleen %67,8 (78.800) hezkuntza sare publikoan matrikulaturik izan dira, 36.930 itunpeko ikastetxe pribatuetan eta 493 itundu gabeko ikastetxe pribatuetan. Nabarmentzekoa da lehen aldiz 0-3 urte bitarteko Haur Hezkuntzako Lehen Zikloko eskolatze-tasa %50etik gorakoa izan dela ikastetxe publikoetan.

1.404 ikasle berri euskarazko ereduetan
Azaldu duenez, 3 urteko 4.754 ikasle berri sartuko dira Haur Hezkuntzan; horietatik 2.901 sare publikoko ikastetxeetan ( % 61) eta 1.853 itunpekoan. Matrikulen %30 (1.404) euskarazko B eta D ereduan izan dira, gainerako 3.350 izen-emateak gaztelaniazko A eta G ereduetan izanen direlarik.

Iruñean fokua ezarriz, ikastetxe kontzentratuen aldeko hautua nagusitzen da kasuen %53,5an, eta 2.680 ikasle iruindar berrien %30 D/B ereduetan arituko da (805 ikasle).

Nafarroako heinean eta adin guztiak batuz, A (gaztelaniaz, euskara irakasgaiarekin) eta G (gaztelania hutsean) ereduetan 88.677 ikasle dira orotara, eta B (ikasgaien parte bat gaztelaniaz, bestea euskaraz) eta D ereduetako matrikulak 27.334 dira. Gainera, 36.131 ikaslek parte hartzen dute ingelesa ikasteko PAI programan. Horietatik 34.295 A eta G ereduetan matrikulatutakoak, eta 1.836 B eta D ereduetakoak. Gainera, 391 ikaslek alemanerako PAL programan ikasiko dute, 274k frantseseko PAF programan eta 2.799k British programan.

Institutuen irekiera, ostegunetik ostiralera

DBH eta Batxilergoko ikasleen lehen eguna ez da gogorregia izanen, ordu bakarreko saioa jasoko baitute. Tarte horretan, ikasleek tutorea ezagutuko dute, eta hark aurtengo irakasleen eta ikasgaien ordutegien berri emanen die. Bereziagoa izanen da lehen eguna, haatik, ikasturte abiatze hau lehen hezkuntzatik institutura jauzi eginen duten 11 eta 12 urte arteko 3.000 ikasleendako.