argia.eus
INPRIMATU
"Ikasle mugimendutik mahaian kolpea jo nahi dugu, greba hau inflexio puntua izan dadila"
  • Ikasle Abertzaleek greba deitu dute hezkuntzan, ostegun honetarako. Indarrean diren hezkuntza erreforma eta legeek sakoneko arazoak indartu baino ez dituztela egiten eta hezkuntzak soluzio integrala behar duela aldarrikatzen dute: “Hezkuntza sistema sozialista eraikitzea da bidea”.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2022ko martxoaren 22a
Argazkia: IA

“Greba honekin, ikasle mugimendutik mahaian kolpea jo nahi dugu. Inflexio puntua izatea nahi dugu, garai bateko ziklo mobilizatzaile handiak berreskuratzeko, LOMCEri edo Bolonia planari aurre egiteko batu ginenean bezala”, diote IAtik.

Martxoaren 24 honetan, grebaz gain manifestazioak antolatu dituzte Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, 12:00etan.

Unibertsitateen LOSU legearekin, Espainiako Gobernuak aurrera atera duen LOMLOErekin, Lanbide Heziketari lotutako Planarekin eta oraintsu Eusko Legebiltzarrean adostu duten EAEko Hezkuntza Hitzarmenarekin kritiko ageri dira ikasleak, egun hezkuntzak dituen arazoei aurre egiten ez dietela iritzita.

Kontrol soziala

IAtik salatu dute, besteak beste, hezkuntza eta unibertsitateko matrikulak garestitzen ari direla eta gainera eskola partikularretan diru asko xahutzen dela, klase arrakala areagotuz; eskola-porrota gero eta handiagoa dela diote; hainbat ikaslek antsietatea duela. Autoritarismoa kritikatu dute: balore aurrerakoiekin “ahoa betetzen zaien bitartean”, ikastetxeetako errealitatea beste bat dela adierazi dute; “jardun politikoa gogor zigortzen da, ondorio akademikoekin mehatxatzen da, segurtasun indarren jazarpena dago tartean, errepresio poliziala… eta kontrol mekanismoak ugaritzen eta berriak sortzen ari dira: kamerak, plataforma digitalak…”.

"Enpresa-unibertsitatea"

Merkatuaren beharrei erantzuteko konpententzietan hezten dituztela salatu dute ikasleek eta “enpresa-unibertsitateetan” ikasten dutela, enpresa handien esku-hartzea eta finantzazio pribatua handitzea ahalbidetzen dela argudiatuta. “Ikerketa zientifikoa enpresa handiek norabidetzen dute”. Berdin Lanbide Heziketan: enpresa handien kontrolpean dagoela diote. Gainera, Lanbide Heziketan euskaraz ikasteko eskubidea urratzen dela eta “muturreko esplotazio egoeran egun osoa” lanean pasatzen dutela kritikatu dute.