IAk egin du deialdia, eta aurreratu du, Askatasunaren Ontzidiari erasotzen badiote, egunez aldatuko duela greba. "Estatu sionistarekin konplizeak diren instituzio zein enpresak irmoki seinalatzeko" baliatuko dute eguna.
"Egoera larria da, eta beraz, borrokatzen eta presioa egiten jarraitzea dagokigu, geldirik geratzea ez baita aukera bat". Irmotasunez hitz egin du Ikasle Abertzaleakek (IA) Iruñean (Nafarroa), Nafarroako Parlamentu aurrean egindako agerraldian, mobilizazio-deialdi indartsu bat aurkezteko: aurreko asteko protesta jendetsuen ostean, ikasleak deitu ditu urriaren 2an greba egitera, "Israelgo estatu sionista eta terroristaren genozidioa salatzeko eta Israel boikotatzeko asmoz".
Aurrerago emango du mobilizazio zehatzen berri, baina, dena den, jakinarazi du Askatasunaren Ontzidiak erasoren bat jasaten badu, egunez aurreratuko duela greba. "Guztiz onartezina da laguntza humanitarioari erasotzea. Horrenbestez, egoera hipotetiko horretan, Israelek ontzidia blokeatu eta hurrengo egunera aurreratuko genuke ikasle-greba", dio.
"Israel Gazara sartzen ari da lurrez eta palestinarren egoera asko larritu da. Horren aurrean, Israeli eta bere konplizeei boikota egin behar diegu", azaldu du Mugimendu Sozialistako ikasle-antolakundeak. Ohartarazi du, "hamarkada luzetako zapalkuntzaren eta apartheidaren ondoren, herri palestinarra desagerrarazteko hautua hartu duela" estatu sionistak, "eta ez dela geldituko hori lortu arte, palestinarrak erailda edo lekualdatuta".
Horren kontra, IAk uste du beharrezkoa dela ikasleek "Israelen suntsipena aldarrikatzea", "hori baita Palestinak bizirauteko duen aukera bakarra"; baita "Israel zuritzen dutenen jarrera zein mezuak" eta "bi estatuen konponbidearen alde daudenak" seinalatzea ere. "Palestinar erresistentziaren defentsa irmoa egiten jarraitzea ere badagokigu ikasleoi", gaineratu du: "Palestinar herria guztiz desagertu ez bada, palestinarrek estatu sionistaren aurka egindako borrokagatik izan da".
Prentsaurrekoan IAko kideek gogorarazi dutenez, "Israelek, bere biziraupenerako, ezinbestekoak ditu Mendebaldeko estatuen, instituzio ezberdinen edo enpresen babesa eta sostengua"; eta "Euskal Herrian adibide asko eta asko ditugu". Defendatu dute, "Israelgo Estatuaren aurka egin nahi badugu, estatu genozidaren aurkako boikota bultzatu behar dugula", eta urriaren 2ko greba baliatuko dutela "estatu sionistarekin konplizeak diren instituzio zein enpresak irmoki seinalatzeko", "Israelekin dituzten harremanak guztiz eten ditzaten".
Oroitarazi dute, adibidez, sionistekin loturak mantentzen dituela Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU), akordioak baititu Israelekin negozioak dituzten CAF, Sener, ITP Aero edo Aernnova enpresekin. EHUko errektoretzak aurreko astean esan zuen urrats batzuk egin dituela sionistekin zenbait harreman hausteko, eta IAk adierazi du horrek erakusten duela "ikasleon presioaren bidez harremanak etetea lor dezakegula". "Orain, gainontzeko enpresa eta instituzioak seinalatzen jarraitu behar dugu".