Atzerriko jatorria duten ikasleen eskolaratze prozesuaren baitan, bazterkeriari erantzun bat ematea helburu duela adierazi du Ikastolen Elkarteak.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak abiarazi eta gidatu beharreko lan ildo horretan, hezkuntza komunitate osoaren parte-hartzea ezinbestekotzat jo du Ikastolen Elkarteak. Eusko Jaurlaritzaren planaren inguruan EHIGE gurasoen elkarteak egindako balorazioarekin bat datorrela azaldu du. Izan ere, ikasle etorkinei hezkuntza arreta emateko plana argitaratu zuen Eusko Jaurlaritzak bere webgunean, EHIGEk azaldu duenez, hezkuntza eragileei kontsultatu barik, eta hezkuntza komunitateari iritzirik eskatu barik.
Eskola bazterkeriari aurre egiteko proposamenak bildu ditu Gasteizko Udalak ere dokumentu batean. Ikastolen Elkarteak azaldu du planteamendu hauetan guztietan proposamen zehatz batzuk egin dituztela, hezkuntza komunitate osoaren parte hartzea bermatu barik. Ikastolen iritziz, proposamen horiek “izaera lokala dute, ikuspuntu zehatz batetik egin direlako”.
Bazterkeriaren gaiari irtenbidea emateko hezkuntza lege propio bat “beharrezkoa” dela adierazi dute, “atzerriko jatorria duen ikasleriaren eskolaratzea arautuko duena”. Hortaz, Hezkuntza Sailak deitu eta gidatuko duen lan ildoa aldarrikatu dute ikastolek, “egoeraren azterketa egin eta neurri zehatzak landu eta proposatuko dituena”.