Ikasle Abertzaleak (IA) erakundeak grebara deitu ditu gaur Hego Euskal Herriko Bigarren Hezkuntzako ikasleak eta ikastetxe ugaritan greba egiteaz gain, lau hiriburuetako mobilizazioetan milaka ikasle bildu ditu. Ikasle Sindikatuak ere bat egin du greba deialdiarekin, baina ez dute adostasunik izan ekitaldiak elkarrekin egiteko.
Ikasle Abertzaleetako kideek azken asteetan ekintza ugari egin dituzte grebarako deialdia egiteko, eta gaur kalera atera dira Hezkuntzan ofentsiba kapitalista gelditu! goiburupean. Eusko Jaurlaritza bideratzen ari den hezkuntza erreformaren aurkako jarrera agertu dute, eta LOMLOEren ildo beretik doala zehaztu dute. Edozein kasutan, adierazi dute hezkuntzak bizi duen “ofentsiba kapitalistari aurre egin eta hezkuntza sistema sozialista aldarrikatzeko” baliatuko dutela greba eguna.
Gaur egun bizitzen ari garen krisiarekin lotu dituzte hezkuntza erreformak, horretarako “kapitala bere irabaziak bermatu nahian dabilela eta horretarako gizarteko egitura nagusiak berregokitzen dituela, merkatuak behar duen lan indarra ekoizten duela bermatzeko". EAEko Hezkuntza Lege berria ere horren adibide garbitzat jo dute.
Heziketaren desegitea salatu dute, edo bestela esanda, hezkuntza edukiz husten ari direla: “Jakintza garatzearen garrantzia albo batera uzten da eta formakuntzaren debaluazio bat gertatzen ari da. Horren ordez, ikastetxeak diziplinamendu hutserako zentro bilakatzen ari dira: metodologia aldatzen (errefortzu plan berria eta batxilergo orokorra inposatuz, esaterako) konpetentzia jakin batzuk ebaluatzen (konpetentzia digitala, ekintzailetza…) edo autoritarismoa eta infantilizazioa hedatzen”.
Testuinguru honetan, langile klasearen alde egingo duen hezkuntza eraiki beharraz aritu dira, haien ustez egungo hezkuntza, besteak beste, segregatzailea delako: “Hezkuntza kualifikatua da, hain zuzen ere, gehien elitizatzen dena; ikasle langileak berriz, ahal bezain laster lanean jarriz. Ez dago interesik proletariotza heziketa prozesuan denbora luzez mantentzeko eta, era berean, heziketa prozesuak gero eta gutxiago ase ditu proletariotzaren beharrak. Hau da, familia askorentzat sostengaezina bilakatzen ari den inbertsio bat da hezkuntzarena, gaur-gaurkoz etorkizun ziurgabe bat besterik eskaintzen ez duena”.
IAren eta ISren arteko ika-mika
Ikasle Sindikatuak (IS) ere deitu du gaurko grebara, eta aldez aurretik dei egin du IAk egindako deialdietara joateko, gaurko egunean indarrak banatzeak zentzurik ez duela iritzita. IAk, aldiz, gogor kritikatu du ISren jarrera, ikuspegi desberdinak dituztela azaltzeaz gain, IS IAren lanaz baliatzen dela salatu du. Gaurko grebara deitzeaz gain, Ikasle Sindikatuak bat egin du beste hainbat eragilek –tartean euskal gehiengo sindikalak– EAEko Hezkuntza Lege berriaren aurka egindako greba deialdiarekin.
Milaka pertsona kalera atera gara gaurko ikasle greban, Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean egindako manifestazioetan.
Ofentsiba kapitalistaren eta hezkuntza erreformen aurrean, hezkuntza sistema sozialistaren aldarria zabaldu dugu.#U27IkasleGreba! pic.twitter.com/kKLzLO2WGL
— Ikasle Abertzaleak (@IAbertzaleak) October 27, 2022