argia.eus
INPRIMATU
Ikamak hezkuntza euskaldunaren alde mobilizatzera deitu du abenduaren 11n
  • Gaur egun euskara eta euskaldunak jasaten ari diren oldarraldiaren aurrean, hezkuntza eredu "propio, euskaldun eta kalitatezko" bat nahi du Ikama gazte antolakundeak. Eredu horren alde, ikasle greba deitu du eta ikasleak animatu ditu abenduaren 11n Hego Euskal Herriko hiriburuetan egingo diren mobilizazioetan parte hartzera.

BeƱat Badiola Etxeberria 2025eko azaroaren 27a
Ikama

Ikama gazte antolakundeak jarri du euskararen aurkako oldarraldia hezkuntza ereduen erdigunean. Adierazi du, forma judizial, mediatiko eta soiziopolitikoa hartu duela oldarraldiak  eta “1960ko hamarkadatik aurrera eman zen susperraldi prozesuaren agorpenean ez ezik, atzeraldian sartzen hasitako” testuinguruan ulertu beharra dagoela oldarraldia. Horren aurrean, Ikama Bilbon elkartu da abenduaren 11n Hego Euskal Herriko hiriburuetan egingo dituzten mobilizazioen arrazoiak eta aldarriak azaltzeko. Esan dutenez, adierazpenak 60 eragile eta norbanako baino gehiagoren babesa duela.

Aurreko mendean emandako susperraldia ezagutzaren arloan salto kuantitatiboa bat emateko gai izan zela onartu dute. Aitzitik, salatu dute, gaur egun eredu hura “agortuta”  dagoela, eta ez baita gai euskararen gaitasun "maila egokia" bermatzeko, erabileran jauzi bat emateko eta euskarak dituen "erronka berriei" erantzuteko.

Adierazi dute euskararen normalizazio bidean hezkuntza sistema berriak honako oinarriak izan behar dituela: “Independentzia eta euskal hezkuntza sistema propioa euskararen biziraupenerako, euskaraz ikasteko eskubidea eta bere ofizialtasuna Euskal Herri osoan, hezkuntza euskalduna, irisgarria eta kalitatezkoa eta murgiltze eredu eraginkorrak sortzea”. Era honetan prest agertu dira, aurreko belaunaldiek egin antzera, “euskalduntzen duen hezkuntza sistema” baten alde borrokatzeko. Dei egin dute, abenduaren 11n 12:00etan Hego Euskal Herriko hiriburuetan hezkuntza euskaldunaren alde mobilizazioetan parte hartzera.

Jarraian atxikimenduen zerrenda.