“Davos politiko-militar” moduko zerbait bilakatu da urteroko SDL-Shangri-la Dialogue topaketa, pasa den asteburuan burutu berri dena. Duela bi hamarkada pasatxo jarri zuen abian Singapurren IISS (International Institute for Strategic Studies), segurtasun eta defentsa gaietako think tank britainiarrak, asmo handiz baina harrera apalarekin. Baina hastapenean erreferente zuen Municheko Segurtasun Konferentzia bera ere bigarren mailara bidali duela esan genezake. Biltoki duen hotelaren izenaz ezaguna izateak adierazten du hasiera haren txirotasuna. Gaur egun, ordea, hango jardunaldien agendan agertzen ez bazara, ez zara nor “segurtasunaren” konstelazioan.
Sortzez Asiarako –eta zehazkiago, Asia hego-ekialderako– zen topaketaren aurtengo edizioan parte hartu dute, esate baterako, Estonia eta Finlandiako ordezkariek (“estatu txikien” segurtasunaz solasean, Maldivekin batera); edo Josep Borrellek, Asia-Pazifiko aldeko segurtasunaz hitz egin du... Australia eta Kanbodiarekin. Nola ez, bertan izan da Volodimir Zelenski ere, bere buruhausteak azaltzen. Mundu osorako hitz egiten da, bistan denez.
Urteen joanean, ordea, AEBetako eta Txinako militarren arteko zuzeneko topagunea bilakatu da Shangri-la; gainerako guztia, apaindura baino askoz gehiago ez da
Shangri-la solas-gunearen arrakastaren gako nagusia da, beharbada, 2007az geroztik, Txinak Defentsa ministroa buru duen ordezkaritza kualifikatuena bidali ohi duela bertara, alde anitzeko beste ezein mintzalekutara igortzen ez duena. Baina etxean hamaika aldiz esana dutena besterik apenas aditzen den haien ahotik Singapurren ere. Beraz, sakonagoan aurkitu beharko da koska.
Mahai-inguru, prentsaurreko eta ordezkarien adierazpenetan baino gehiago, aldebiko bilera eta solasetan egon ohi da Shangri-la hoteleko bilkuraren “saltsa”. Berez, horixe zen egitasmoaren sortzezko deliberoa. Urteen joanean, ordea, AEBetako eta Txinako militarren arteko zuzeneko topagunea bilakatu da Shangri-la; gainerako guztia, apaindura baino askoz gehiago ez da. Eta iaz bezala, elkarri bostekoa eman bai, baina aldebiko eserialdia egiten ez denean, zirrara moduko bat barreiatzen da Singapurreko hoteletik Asia ekialdera eta mundu osora.
Aurten, bi ordezkaritzak aurrez aurre eseri dira... baina ezin esango da emaitza askoz baikorragoa izan denik, argazkia bera salbuesten badugu. Alde bakoitzak bere arrazoibideak jaulki ditu, eta kito. Eta Dong Jun almirantearen eta Lloyd Austin jeneralaren artean feeling-ik ere ez dela kausitu esango genuke. Zergatiak, askotarikoak izan daitezke.
Argi dago, hala ere, munduko “segurtasunaren” epizentroa Asiako alde hartara zeharraldatu dela. Eta Shangri-la topagunea, arrakastaren arrakastaz, agortzear egon daitekeela.