argia.eus
INPRIMATU
Migratzaileentzat kanpalekua Irungo aterpetxearen atarian
  • Aterpetxearen kanpoaldean geratu diren hainbat migratzailek eraikinaren atarian jarritako kanpalekuan egingo dute lo. Aterpetxeko irizpideak ez betetzeagatik geratu direla kanpoan adierazi dute aterpetxekoek. Birusaren protokoloaren ondorioz lehen 50 lagun hartzen zituzten tokian orain hamabost hartzen dituzte.

ARGIA @argia 2020ko azaroaren 16a
Lotarako kanpin dendak jartzen kalean. Argazkia: Irungo Harrera Sarea.

Hainbat migratzaile harrapatuta geratu dira Hego eta Ipar Euskal Herriaren artean Espainiako eta Frantziako Gobernuek pandemia dela-eta hartutako neurrien ondorioz, eta Eusko Jaurlaritzak hartutakoen eraginez ere bai.

Haietako askok Irungo aterpetxea dute ostatu, eta egoera berezi honetan, beste batzuk kalean geratu dira aterpetxeko irizpideak "ez betetzeagatik". Irungo Harrera Sareak salatu nahi izan du irizpide horiek noiz eta nola aplikatzen diren ez dela argi geratzen. Hasiera batean, egoera ahulean zeuden pertsonak hartzen zituztela adierazi zen, baina Irungo Harrera Sarearen ustez beste behin, ez da bete. Sareak premiazkotzat jo du irizpideak argitzea eta migratzaileak ondoen babestuko dituzten neurriak hartzea.

Kalean geratu diren hainbat migratzailerentzat kanpalekua prestatu dute aterpetxearen kanpoaldean eta bertan lo egiten jarraituko dute egoera bideratu arte. Irungo Udalak Harrera Sareak antolatu duen kanpalekua ontzat eman du.