argia.eus
INPRIMATU
Iheslarien kolektiboko sei kidek Auzitegi Nazionalean deklaratu dute
  • Bideokonferentzia bidez deklaratu dute Euskal Iheslari Politikoen Kolektibo sei kideak, astelehen goizean. Zitazioetan adierazten zenez, 2013ko gertakarietan oinarrituta ireki dira eginbideak. Sumarioa sekretupean dago.

     

Unai Lomana Uribezubia 2025eko maiatzaren 19a
2013ko Herria Dugu Arnas ekitaldia. Naiz.info

Espainiako Auzitegi Nazionalak Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboko (EIPK) sei kide deklaratzera deitu ditu astelehen goizean. Bideokonferentzia bidez egin dituzte deklarazioak Donostiako Epaitegietatik. Deklarazioak oso laburrak izan direla –pare bat minutukoak– eta kautelazko neurririk ez dela hartu  jakinarazi du Naizek. Sumarioa sekretupean ezarria du epaitegiak, eta gutxienez ekainaren 9 arte itxaron beharko dute auzipetuek bere edukia ezagutzeko.

Zitazioetan adierazten zenez, 2013ko gertakarietan oinarrituta ireki dira eginbideak. Ustezko frogatzat borroka armatua utzi aurretik ETAri antzemandako dokumentuak daude, 1999tik 2010era bitartekoak. 2013ko ekainaren 13an EIPKak  mintzakide taldea eratu zuen "Espainiar eta Frantziar estatuekin arazo politikoa konpontzeko tresna moduan", eta ekainaren 15erako iheslarien aldeko elkartasun eguna antolatu zuten Biarritzen; ARGIAk jaso zuen moduan. Azken horretan, erbesteratutako eta deportatutako pertsonen etxerako bidea bultzatzeko erabakia iragarri zuen kolektiboak. Mintzakide taldea eratu zuten hamalau pertsonen artean daude deklaratzera deitu dituzten Jokin Aranalde, Oxel Azkarate, Xabier Miguel Ezkerra, Xabier Arin, Idoia Espias eta Lurdes Mendinueta. 

Berriak jakinarazi duenez, Instrukzio Epaitegi Zentralak adierazi du ikertzen ari dela ea ETAren zuzendaritzak emandako jarraibideak bete ote zituzten akusatuek, eta ea ETAren diziplina organikoaren pean jardun ote zuten. Epaitegiaren ustez mintzakideen taldeak iheslarien arteko zuzendaritza lanak egiten zituen, haien egoeraren jarraipena eginez eta asistentzia juridikoa zein ekonomikoa emanez.