ARGIAk eta Iametza Interaktiboak egindako Ihesi aplikazioa saritu du Gipuzkoako Aldundiak. Android eta iOs gailuetarako prestatua, Euskal Herriko zazpi lurraldeak biltzen dituen turismo aplikazio bakarra da eta barne turismoa bultzatzea du helburuetako bat. Erabiltzaileen parte hartzean oinarritua, euskaraz eta euskaldunontzat egina da.
Euskal Herrian Ihesi webgunearen osagarri izateko sortu dute aplikazioa, gailu mugikorrek eskaintzen dituzten aukerak aintzat hartuta: geokokapena, argazkiak ateratzea...
Aplikazio partehartzailea
Edozein herritan edonork gomenda ditzake gustatu zaizkion gauzak: tabernak, jatetxeak, ikusi beharrekoak, hotelak, kanpinak, parrandarako lekuak...
Erregistratutako erabiltzaileek gomendioei buruzko iritzia eman dezakete positibo edo negatibo bozkatuz. Xehetasunak ikusi ondoren gomendioa interesgarria irudituz gero, bertaraino nola irits daitekeen –oinez, garraio publikoan edo autoz– ikus dezake erabiltzaileak.
Erabiltzaile erregistratuek gainerako erabiltzaileei leku berriak gomendatzeko aukera daukate. Gomendio berriari argazkia gehitzeko bi aukera daude: mugikorraren argazki kamerarekin argazki berri bat ateratzea edo mugikorraren galeriatik argazki bat hautatzea. Gomendio berriaren posizioa horretarako prestaturiko Google Maps-eko mapa bat erabiliz zehaztu dezake erabiltzaileak.
Lizentzia librea
Ihesi GNU GPL v3 lizentzia duen software librea da eta erabiltzaileek sortutako edukiek Creative Commons BY-SA lizentzia dute.
Aplikazioa instalatzeko: