White flight (Ihes zuria) XX. mendean AEBetan sortutako kontzeptua da. Eskualde-eskalako migrazio jakin bati egiten dio erreferentzia, hirigune aurrez hetereogeneoetatik auzo isolatu guztiz zurietara alde egiten dutenen ihesari, alegia. Aski da Detroit hiriko demografia-mapa ikustea ihes zuriaren tamainaz jabetzeko.
“Ni ez naiz arrazista”, baina interesgarria (bezain beldurgarria) da arrazagatiko segregazioa ofizialki amaitzearekin batera arrazagatiko segregazio naturalak erakutsi duen indarra. 70. hamarkadan fenomeno hau azaltzen saiatu zen Thomas Schelling ekonomialaria, eredu matematiko sinple baten bidez.
Demagun 10 bider 6 etxebizitzako auzo laukizuzena, familia zuri eta beltzez osatua. Ez dira arrazistak, gustatzen zaie elkarren artean nahastea, baldin eta bizilagunen heren bat gutxienez euren kolore berekoa bada. Hilabetero, bizilagun zuriek inguruko etxeetara begiratzen dute, eta proportzio hori hausten bada maletak egin eta etxez aldatzen dira, gustuko proportzioa betetzen den auzoko toki batera. Hilabeteak aurrea joan ahala, bizilagunek etxez aldatzen jarraitzen dute, auzoa oreka egoera batera iristen den arte.
Emaitza oso da esanguratsua: oreka egoera auzo guztiz homogeneoek lortzen dute. Schellingek eredu honekin frogatu nahi izan zuen eskala txikiko beldur txikienek arraza-segregazio muturrekoena eragin dezakeela. Mixture up to some limit, beste modu batera esana; onartzen dugula nahasketa, alegia, baina neurri bateraino.
Euskal Herria ez da AEB, baina “gurasoek seme-alaben ikastetxea aukeratzeko duten eskubidea” argudioa oso zabaldua dago, ikastetxeetako aurrematrikula kanpaina ate-joka dugun honetan.