argia.eus
INPRIMATU
Igorreko Kiñu Gaztetxearen aurkako epaiketa, irailaren 15ean
  • 09:00etan Durangoko epaitegi aurrean biltzera deitu dute Kiñuko kideek. Duela bost urte hasi zen Gaztetxearen aurkako prozesua.

Gedar @GedarLangileKZ 2025eko irailaren 08a

Apirilerako ezarrita zegoen saioa atzeratu ostean, Igorreko (Bizkaia) Kiñu Gaztetxearen aurkako epaiketak badu data berria: irailaren 15ean izango da, Durangon (Bizkaia). Gaztetxearen defentsan, goizeko 09:00etan epaitegi aurrean elkarretaratzera deitu dute Kiñuko kideek.

"Orain dela bost urte hasi zen Kiñuren kontrako desalojo-prozesua. Ordutik hona bi epaiketa izan ditugu, eta irailaren 15ean Durangoko epaitegietan hirugarrena aurrera eramango da", ekarri dute gogora Gaztetxetik. "Urte asko dira borroka honetan, eta uste dugu oraindik ere luzerako joan ahal dela", ohartarazi dute: "Baliteke ikasturte hasierako hau azkena ez izatea; ez dakigu zein den Justiziaren edo Sabadell bankuaren plana, baina guk gurea argi daukagu. Kiñu defendatzen segituko dugu".

Gaztetxearen aurkako prozesua hainbeste korapilatzearen helburua "gazteon antolaketarako nahiak eta espazioak desartikulatzea" dela seinalatu dute Igorreko kideek. Hala ere, "bankuak eta euren funts espekulatzaileak denon diruarekin aberasten diren bitartean", gazteek Gaztetxean jarraitzen dutela aldarrikatu dute; "txikia defendatzen, espazio seguruak lantzen, merkatuaren logikatik kanpo dagoen kultura alternatiboa eskaintzen, herriko eragileentzako aterpe izaten eta abar luze bat". Horregatik guztiagatik jo dute ezinbestekotzat Gaztetxea, eta hura defendatuko dutela azpimarratu dute.

Gainera, oroitarazi dute, haien modura, Euskal Herriko hainbat Gaztetxe ari direla borrokan une honetan; hala nola Durangoko Gaztetxea, Zornotzako (Bizkaia) Matrailu Gaztetxea, Donostiako (Gipuzkoa) Alde Zaharreko Guardetxea eta Mungiako (Bizkaia) Errota Gaztetxea. "Besarkada handi bat borrokan ari zareten Gaztetxe guztientzako", esan dute.