Guardia Zibilak Liher Bilbao, Iker Hernández, Ibon Santamaria eta Eneko Eguren atxilotu zituen igande goizaldean, Bilbon. Gazteek A-68 errepideko Telefonicako errepikagailu bat erretzeko asmoa zutela dio poliziak. Atxilotu eta ordu gutxira, Eneko Eguren Basurtuko ospitalean artatu behar izan zuten, eta ondoren La Salve kuartelera eraman zuten berriz ere. Poliziaren arabera, atxilotua izaterakoan aurka egiten saiatu eta zauritu zen Eguren.
Lau atxilotuek Espainiako Auzitegi Nazionaleko Santiago Pedraz epailearen aurrean deklaratuko dute gaur, 14:00ak aldera. Hainbat lagunek Madrilera egin dute bidaia, babesa adierazteko. Atzo arratsaldean, ehunka pertsonak hartu zuen parte Otxarkoagatik Santutxura egindako manifestazioan, atxiloketen kontra protesta egiteko. Gaur ere, 20:00etan, elkarretaratzera deitu dute, Santutxun, eta lau gazteak aske utzi arte mobilizazioak izango direla iragarri dute.