argia.eus
INPRIMATU
Larunbat gauerdia arte mundu guztia kezkati Ukraina-Donbasseko tregoaren zain
  • Ezer ez dago erabakita oraindik ‘Minsk-II’ itunaren inguruan: Ukainako armadaren eta Donbasseko milizia errusiarzaleen arteko su-etena hango larunbat gauerdian da hastekoa –gure 22:00etan- eta edozer suertatu liteke bidean.

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria 2015eko otsailaren 13a
Gizona zigarroa pizten Donetsk inguruan, lehertutako etxearen ondoan. (Argazkia: NPR)

Lukaxenko bielorrusiarraren aitzinean Putin, Merkel, Poroxenko eta Hollandek 17 ordu behar izan bazituzten paper bat zirriborratzeko, askoz ordu gehiago eta luzeagoak utzi dituzte meniaren unea arteko 'linboan' igandeko 00:00ak arte.

Bitartean borrokek segitzen dute. Asteburuan helduko dira bateko eta beste eraso, heriotza eta txikizioen berriak. Minsk-II sinatu zuten goizean 5.300tik gora ziren urte betean lurpera joandako biktimak; ostiral goizean bertan Donetsk, Debaltseve eta Luhansketik iristen hasi diren albisteen kolorea ikusirik, astelehen goizerako estatistikek ez dute 5.400 baino gutxiago zenbatuko. Zenbait kazetarik ohartarazi du papera sinatzetik haren edukia indarrean jartzeko uneraino lagatako lau egunen epea bihurtu daitekeela aspaldiko odol-husterik gogorrenetakoa.

Epe honek, ordea, agian esan nahi du egun horiek behar dituztela alde guztiek zintzilik geratu diren hari asko lotzeko. Errusiari Europar Batasunak eta AEBk ezarritako zigorrak eta apika laster ezarriko dizkion berriak astelehenean aztertuko omen dituzte. Errusiak egun horiek behar ditzake Donbasseko matxinoekin negoziatzeko. Ber gisan, Merkel eta Hollande behartuta daude beren trintxerako erasokorrenei, kasu honetan Polonia, herrialde baltiko eta AEBako arranoei, ondo azaltzea zergatik komeni den Errusiaren kontrako erasoan urrunago ez joatea.

Edo menturaz, hau litzateke hipotesirik kezkagarriena, alde guztiak iritsi dira nola edo hala ostegun goizean sinatutako adostasun anbiguo horretaraino eta inork ez dauka benetako interesik une honetan hesia jartzeko dagoenekoz aski zabaldua den Donbasseko suteari. Funtsezko egia azkenean balitz hipotesi ezkor hau, esan nahiko luke laster eramango duela  haizeak Minsk-II, lehenago eraman zuen moduan Minsk-I. Horrek esan nahiko luke jarraitu nahi dugula jolasean Europan Balkanak-II ikustearekin. Ikusi ez, sufritu.