Idurre Alonsok (Eibar, 1978) ikerlan akademiko bat argitaratu du Euskal literatur sistema eta literaturaren didaktika aztergai izenburupean. Bere azterketa 34 euskal idazle eta kritikariri eta batxilergoko hainbat irakasleri bidalitako galdetegien erantzunetan oinarritu du: "Euskal literatur sisteman indar handiena duten faktoreak merkatuarekin lotutakoak dira. Hala, oso nabarmena da salmenten, promozioen, hedabideen eta sarien eragina, eta hierarkia kualitatiboak indar urria dauka (...) Gutxi dira kritikari konstanteak, eta irakurleak kritika zintzo eta erregularra behar du (...) Euskal literatur sistema idazle gutxi batzuen ospeari lotuegi ikusten dut (...) Irakasleek ez dakite literatura zertarako irakatsi behar den; nork bere hautua egiten du". (2008-12-04)