argia.eus
INPRIMATU
Atxiloketen bidez Idomenin dauden boluntarioak estutzen ari da Greziako Gobernua
  • Errefuxiatuei laguntza eskainiz Idomenin boluntario gisa ari diren Brigada Vallesanako bost kide kataluniar atxilotu ditu Greziako poliziak. “Mazedonia eta Greziaren arteko harremanen aurka aritzea, besteen bizia arriskuan jartzea eta ordena publikoa aztoratzea”, egozten die fiskaltzak. Jada kalean daude atxilotuak, epaiketaren zain.

Iker OƱate Aiastui @iker_onate 2016ko apirilaren 18a
Apirilaren 5ean hamabost boluntario atxilotu zituen Greziako poliziak.

Joan den asteazkenean atxilotu zituzten. “Polizia sekretuak errepide ertzean geldiarazi zituen. Beraiengana gerturatu ginen eta identifikatzen ari ziren. Halako batean, furgonetan sartu zituzten eta Polykastrora zeramatzatela esan ziguten”, azaldu dio Sara Montesinos boluntario eta kazetariak La Directari.

Polizia autoa segitzea erabaki zuen Montesinosek –beste bi kiderekin batera– eta furgoneta beste nonbaitera zihoala ikusi zuten. Bidean Montesinos eta kideak identifikatu zituzten, “polizia auto bat jarraitzea” legearen aurkakoa dela argudiatuz.

“Arrazoi zehatz batengatik atxilotu dituztela esan digute, arrazoia zein den zehaztu gabe”, adierazi du boluntario eta kazetariak bere Twitter kontuan. Atxilotuak kalean daude, baina azaroaren 18an epaituko dituzte.

Boluntarioak atxilo

Asteazkenekoa ez da Greziako poliziak errefuxiatuen defentsan diharduten boluntarioak atxilo daramatzan lehen aldia. Apirilaren 5ean Alemaniako, Erresuma Batuko, Herbeheretako, Suediako, Austriako, Portugalgo eta Txekiar Errepublikako hamabost boluntario atxilotu zituen.

Migratzaileak protesta egitera bultzatzea egozten diete atxilotuei. “Gure aurka, errefuxiatuak Idomenin jarraitzera bultzatu duten Gobernuz Kanpoko Erakunde ugari atzeman dugu, beraien interesen kaltetan”, esan du Greziako presidente Alexis Tsiprasek. “Mugak itxita daude eta Greziak ezin du hori aldatu”, gaineratu du. Montesinosek akusazio horiek gezurtatu ditu.