argia.eus
INPRIMATU
Idoia Mendia gezurtatu du LABek: “Ez dugu elkarrizketa sozialean parte hartuko”
  • Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu sailburu Idoia Mendiak irratian esan du ez duela baztertzen LABek Elkarrizketa Sozialerako Mahaian "parte hartu ahal izatea". Sindikatu abertzaleak "modu interesatuan" egindako adierazpenak direla dio, eta gezurtatu egin du halakorik egingo duenik.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2023ko urtarrilaren 05
Idoia Mendia, Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu sailburua Herri Irratiko elkarrizketan (argazkia: Herri Irratia)

Eusko Jaurlaritzak sustaturiko Elkarrizketa Sozialerako Mahaia deituriko organoan parte hartzeko ELAk eta LABek "eskua zabalik" dutela adierazi du Idoia Mendiak Herri Irratiarekin egindako elkarrizketan. Eta LABen posizioan "azpimarra berezia" egin du gainera.

Jaurlaritzaren Lan eta Enplegu sailburuak nabarmendu du sindikatuak bere azken kongresuan "instituzioetan parte hartzeko asmoa" adierazi duela. Hala, ez du baztertzen LABek Elkarrizketa Sozialerako Mahaian "parte hartu ahal izatea". Besteak beste, bere esanetan, organo horretatik sortutako diru-laguntza bat ere eskatu dio Eusko Jaurlaritzari sindikatuak.

LAB: "Patronalaren eta Jaurlaritzaren politikak zuritzeko mahaia da"

LABek oso irmo erantzun die Mendiaren adierazpen horiei, eta gezurtatu egin du organo horretan parte hartuko duenik: "Argia eta ezaguna da LABek elkarrizketa sozialeko mahaiarekiko duen jarrera: ez du parte hartzen, ezta hartuko ere, kritikatzen duen elkarrizketa sozialeko eredu horretan".

Sindikatuaren esanetan organo horrek "Patronalaren eta Jaurlaritzaren politikak zuritzeko helburua besterik ez du", eta sustatu nahi den elkarrizketa eredua "Estatuarekiko guztiz menpekoa" da: "Idoia Mendiak eta Jaurlaritzak, gehiengo sindikalak errespetatu eta gutxiengo sindikalarekin eraiki den elkarrizketa mahai antidemokratiko hori bertan behera utzi beharko lukete".

Bere azken biltzarrean profil soziopolitikoa indartzea erabaki zuela argitu du LABek. "Egoera eraldatzeko, proposamenak lantokietan eta kalean borrokatzeaz gain, parte-hartze gune desberdinetan ere borrokatzea" du helburu, Gobernuaren eta patronalaren arteko "sintonia" agerian uzteko.