argia.eus
INPRIMATU
Idiazabalen pertsona bat etxegabetu du Ertzaintzak
  • Idiazabalgo Arimasagasti auzoan pertsona bat etxegabetu dutela salatu dute Etxebizitza Sindikatuak eta Kontseilu Sozialistak. Atzo bi familia etxegabetu zituzten Gasteizen.

ARGIA @argia 2023ko irailaren 12a

Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuak eta Goierriko Kontseilu Sozialistak egunak zeramatzaten Idiazabalgo etxegabetzea iragartzen. Gaur, Ertzaintzak pertsona bat etxegabetu du, eta medikuetxera eraman behar izan dute.

Kontseiluak eta Sindikatuak azaldu dutenez, etxegabetuak ez zeukan etxebizitza-alternatibarik. Hala, goizean etxearen aurrean kaleratzearen aurka protesta egin dute zenbait lagunek, eta gero Idiazabalgo udaletxearen aurrean batu dira, Udalari larrialdiko etxea uzteko eskatzeko. Udalak uko egin dio, ordea, "hutsik dagoen etxea" eskaintzeari. Kontseiluak salatu du etxegabetua kalean geratuko ez bada ez dela "instituzioei esker" izango.

Atzo, bi familia Gasteizen

Talde kriminal baten iruzurraren biktima ziren Gasteiz erdigunean bizi ziren bi familia, iturri berberek jakitera eman zutenez. Argirik, erroldarik eta kontraturik gabe bizi ziren.

Dozenaka lagun bildu ziren Prado kaleko 4. zenbakiko atarian, etxegabetutako pertsonei elkartasuna adierazteko.