argia.eus
INPRIMATU
Enpresari bat atxilotu du Ertzaintzak paperik gabeko langileak esplotatzea egotzita
  • Ikerketa urtarrilean abiatu zuen Ertzaintzak, biktimetako batek Gizarte Segurantzan laguntza eskatu ostean. Nahiz eta egunero hamar ordu baino gehiagoz lan egin "ez zuen nahikoa baliabiderik, ezta jateko ere". Ondorioz, zuntz optikoa instalatzen zuen enpresa bateko burua atxilotu du Ertzaintzak Idiazabalen. Gertakariekin zerikusia duelakoan 32 urteko emakume bat ere atxilotu dute Logroñon.

Unai Lomana Uribezubia 2025eko maiatzaren 12a
Logroñon egindako atxiloketa. Ertzaintza

2025eko urtarrilean zuntz optikoaren instalazioak egiten zituzten eta azpikontratazioz jarduten zuten bi enpresa ikertzen hasi zen Ertzaintza. Ikerketa bertako langileetako batek Gizarte Segurantzan egindako laguntza eskaeraren ondorioz hasi zen. Langileak salatu du egunero hamar ordu baino gehiagoz lan egiten bazuen ere ez zuela baliabiderik "ezta jateko ere". Erregularizatzeko promesa faltsuak egin zizkiotela adierazi du biktimak, eta hilean 4.000 eurorainoko soldata izatera iritsi zitekeela esan zioten, Ertzaintzak ezagutarazi duenez

38 urteko Logroñoko gizona da atxilotutako enpresaburua, zuntz optikoaren instalazioa azpikontratazioz egiten duten bi enpresaren administratzaile nagusia. Langileek Gizarte Segurantzan alta eman gabe egiten zuten lan, eta afiliatuak zeuden beste pertsona batzuen txartel faltsuak erabiltzen zituzten. Horrela, enpresaburuak hainbat pertsona enplega zitzakeen lan kontratu bakarrarekin.  

Ustez, instalazio bakoitzetik lortzen zuenaren %75a eskuratzen zuen enpresariak. Langileentzat bideratzen zen %25etik gasolinaren, ostatuaren, ustezko zorren eta paperik gabe lan egitearen 'gastuak' deskontatzen zizkien. Lan esplotaziorako xedez egindako gizakien salerosketaren delituaz gain, langileen eskubideen aurkako delituak, pertsonen legez kanpoko trafikoa, dokumentuak faltsutzea eta beste delitu batzuk egozten dizkio Poliziak enpresariari.

Beste lauk ere salatu dute 

Urtarrilean jasotako salaketari, beste lau batu zaizkio orain, eta biktima kopuruak gora egitea aurreikusten da. Durangoko Hirugarren Instrukzio Epaitegiak sarrerak eta miaketak baimendu zituen Miranda de Ebron eta Logroñon. Ondorioz, gertakariekin zerikusia duelakoan, ezagutarazi da 32 urteko emakume bat atxilotu duela Ertzaintzak Espainiako Polizia Nazionalaren laguntzaz. Ikerketak zabalik jarraitzen duela jakinarazi du Ertzaintzak, eta adierazi du ez dutela baztertzen " beste autonomia erkidego batzuetan biktima gehiago aurkitzea", errepresalien beldur oraindik salatu ez dutelakoan.