argia.eus
INPRIMATU
J.C. Etxegoien 'Xamar' ('Euskara Jendea', Bilbo Hiria)- Irratia saria
“Identitatea atxiki nahi duten herri menperatuek ez dute aski gramatika bat bizirik mantentzea”
  • Juan Carlos Etxegoien Xamar-ek jaso du Irratia saria Bilbo Hiria irratian Euskara Jendea saioagatik. Irratsaioak baditu aurrekariak, liburuan eta ikus-entzunezkoan bilduak zituen Xamarrek uhin bidez orain zabaltzen dituen eduki eta mezuak.

ARGIA @argia 2019ko urtarrilaren 25
Juan Carlos Etxegoien Xamar. Argazkilaria: Dani Blanco

Dibulgazioaren beharraz hitz egin du sarituak, Antton Mendizabalen oroigarria eskutan hartu duenean. Hala adierazi du: “Identitatea atxiki nahi duten herri menperatuek ez dute aski gramatika bat bizirik mantentzea, bere historiaren, hizkuntzaren, folklorearen eta gainerakoen ezagutzan behar dute sakondu eta irudi propioa, zinez autonomoa eta autokonfiantzazkoa eratu, ondoren ahalik eta gehien zabaltzeko, menperatzaileak finkatzen duen identitate gutxiesgarria (eta ondorioz baztergarria) indargabeturik geldi dadin”.

Dibulgazioa, liburu, prentsa, telebista… bidez egin beharrekoa Xamarren ustez, eta lan aski gutxietsia, sail estrategikoa bada ere.

Eskerrak eman dizkie Bilbo Hiria irratiko lankideei, eta Joseba Sarrionandiaren hitzak ekarri ditu gogora hitzalditxoaren amaieran: "Jendearen naziotasuna kalkulatzeko orduan, zein alderdiri botoa ematen dion baino gehiago, jendea zein komunikabideri lotuta bizi den jakin behar da".