Poliziaren identifikazio arbitrarioen aurkako kanpaina abiatu dute

  • Dagoeneko 3.000 lagunek egin dute bat Espainiako Estatuko hainbat kolektibok abiatutako "DNI" kanpainarekin. Nortasun agiriaren siglekin hitz jokoa eginez, Di No a las Identificaciones (Esan ez identifikazioei) izena jarri diote. Ekintza politikoetan parte hartzen duten herritarrek sufritzen dituzten identifikazio arbitrarioei eta isun geroz eta ugariagoei aurre egin nahi diete sustatzaileek.


2013ko martxoaren 15an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33
Polizien inpunitatea eta herritarren babesgabetasuna salatu dituzte DNI kanpainaren sustatzaileek.

Bereziki Madril inguruan ari da lanean aipatu kolektiboak biltzen dituen Desobedientzia Zibilaren aldeko Plataforma. "Identifikazio sarri arbitrario, bidegabe eta arrazistei" aurre egin behar zaiela dio, poliziaren helburua gizarte mugimendua desaktibatzea delako.

"Hiritarren Segurtasunerako 1/1992 Lege Organikoa (Corcuera legea) indarrean jarri zenetik, Estatuko Segurtasun Indarrek baimena dute, teorian, edozein pertsona susmagarri identifikatzeko", dio plataformak bere webgunean. "Bada, eskumen hori modu arbitrarioan erabiltzen dute. Ohikoa da ikustea agenteek karneta nola eskatzen duten azal kolorearen edo itxuraren arabera, baita mugimendu sozio-politikoetan parte hartzen duten lagunei ere".

Gizarte eragileek salatu dutenez, Gobernuaren Delegaritzak 246.000 euro poltsikoratu ditu 2011ko maiatzaren 15etik, kargua Cristina Cifuentesek hartu zuenetik, alegia. Haien hitzetan, paradoxarik handiena da identifikatzen dituzten herritar asko ez doazela behar bezala dokumentaturik. "Polizien inpunitatea eta herritarren babesgabetasuna handitzen ditu horrek", diote.

Helburuetako bat herritarrek kolektiboki identifikatzeari uko egin diezaioten lortzea da. "Legalitatearen eta legitimitatearen arteko gatazka azaleratuko luke horrek", esan du Desobedientzia Zibilaren aldeko Plataformak. "Ekintza horrek ez du ondorio legalik", dio polizien aurrean nola jokatu behar den azaltzen duen esku-orriak, identifikatu ahal izateko komisaldegira eraman zaitzaketela zehazten duen arren.

Espainiako Barne Ministerioari eta Gobernuaren Madrilgo Delegaritzari eskatu diete identifikazio arbitrarioak behin betiko amaitzeko.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Desobedientzia zibila
2024-04-10 | ARGIA
Eragozpen fiskala bultzatzeko kanpaina abiatu dute, herritarren dirua ez dadin gastu militarrera bideratu

Gerra hots eta karrera armamentistiko betean, eragozpen fiskalera animatu ditu herritarrak KEM-MOC talde antimilitaristak, errenta aitorpena egiterakoan gure dirua ez dadin erabili gastu militarra handitzeko. Herritarrei laguntzeko bulegoak ireki dituzte EAEko hiriburuetan eta... [+]


Blokeo egunaren harira, gibelapenezko 800 euroko isuna jaso dute bederatzi bakegileek

Otsailaren 2an epaituko dituzte beste hamaika bakegile, uztailaren 23an autopista blokeatzeagatik. Elkarretaratzera deitu du Bake Bideak, datorren ostegunean 13:00tan jarriz hitzordua Baionako auzitegi aitzinean.


Euskarazko brebeta azterketen emaitzak banatzeko ekitaldia eginen dute uztailaren 12an elkargoan

Euskal Hirigune Elkargoaren babesarekin, euskaraz erantzundako zientzietako azterketen zuzenketa antolatu dute asteartean Baionako Arteen Hirian, eskatzen diren baldintzak errespetatuz.


2022-07-04 | Hala Bedi
Peio Jorajuria (Seaska)
"Bide guztiak itxiak zirenez desobedientziaren bidea hartu dugu"

"Duela gutxi arte osoki euskaraz egiten zuten gure ikasleek brebeta eta orain zientzietako froga euskaraz egitea debekaturik dugu".


Eguneraketa berriak daude