Amadeu Abril abokatuak ICANN erakundearen funtzionamenduari buruzko argibideak emango ditu eta Josu Waliño PuntuEus Fundazioko zuzendariak erakunde horretan euskaldunon ahotsaren ordezkaritza zer nolakoa den azalduko digu. Euskarabildua jardunaldia azaroaren 4an egingo da Donostiako San Telmo museoan.
Desentralizazioan oinarrituta jaio zen Internetek badu erakunde bat, AEBen legearen barruan sortua izan arren, gobernutik at dagoena eta Interneteko izen eta zenbakiak ezartzearen ardura duena. Erakunde hori ICANN da, 1998. urtean irabazi asmorik gabe sortutako erakundea. ICANNek ez du Interneteko edukia kontrolatzen, baina domeinuen kudeaketan betetzen duen funtzioak Interneteko hedapen eta bilakaeran, hau da, politika digital orokorrean, paper aktiboa izatea dakarkio.
Amadeu Abril legelariak, abokatuak eta .cat domeinuen sustatzaileak oso ongi ezagutzen du ICANN erakundea. Berak dion moduan, “ICANN hainbat interes batzeko ahalegina egin nahi duen gobernantza globalaren esperimentu gunea ere bada”. Amadeuren aburuz, Internet, berez, sare deszentralizatuen multzo bat da, eta zaila da koordinatzea eta gobernatzea. Baina horrek ez du eragozten estatuek berau arautzeko gero eta ahalegin gehiago egitea.
Josu Waliñok, PuntuEus Fundazioko zuzendariak, euskaldunon komunitatearen ordezkaritza ICANNen barruan nolakoa den azalduko digu.
Bi hitzaldi horien bidez, Interneteko gobernantza globalari buruzko gakoak ezagutuko ditugu: estatuen burujabetza posible al da? Zer gairi buruz eztabaidatzen dute ICANNeko partaideek? Erabakiak nola hartzen dira? Zer ondorio mota dituzte erabaki horiek?

Euskarabildua
Euskara eta teknologia elkartzea helburua duen jardunaldi dibulgatzailea da, gizartean eragin nahi duen ekimen berritzaileentzako hausnarketarako eta zabalkunderako gunea, euskal gizartean eta euskaran aplikagarriak diren ezagutza eta berrikuntza teknologikoen sustapenerako aukera ematen duena.
Iametzak, Argiak eta Ametzagaiñak elkarlanean antolatzen dituzte 2012az geroztik jardunaldiok. Aurten azaroaren 4an egingo da San Telmo museoan goizeko 09:00etatik hasita.
Informazio gehiago: https://euskarabildua.eus