Preso ondarrutarrari egin dizkioten azken analisietan 20 defentsa baino ez dituela, eta beraz, hilzorian dagoela salatu du Iparra Galdu Baik plataformak. Presoak beste pneumonia bat harrapatuz gero hil egingo dela esan du forenseak, Lea Artibaiko Hitzak zabaldu duenez.
Irailaren 14an egin zizkioten azken odol analisietan defentsak 50etik 20ra jaitsi zaizkiola aditzera eman dute. Azaldu dutenez, 20 defentsa izanik “edozein infekziok heriotzara eramango luke, kartzelako medikuei ezertarako astirik eman barik”.
Egoeraren larritasunaz jabetuta ondorengo adierazpenak egin ditu Iparra Galdu Baik plataformak: “Egia da, lapurretak, irainak eta jipoiak jasan izan dituenean ere erabili izan dugula ‘muturreko’ hitza bere egoera azaltzeko. Oraingo honetan, bere osasun egoera da azken mugara ailegatzen ari dena, eta ez gabiltza txantxetan. Ez badugu zerbait egiten, eta bizkor, Ibon bertan geldituko zaigu”.
Presoaren egoera larriaren berri eman eta mobilizazioak antolatzeko urriaren 15ean elkarretaratze informatiboa egingo dute Ondarroan, 13:00etan Alamedan.
Gaixo larria
Ibon Iparragirre larri gaixo dagoen presoa da. HIESA du, eta gaixotasunak burmuinean orban bat sortu dio. Nerbio optikoa kaltetuta dauka, eta ondorioz, ikusmena galtzen ari da. Gainera, atake epileptikoak jasaten ditu. Bi urte daramatza modulu arruntean, gainontzeko euskal presoekin harremanik izan gabe.
Iparragirreri espetxealdi arindua eman zioten 2011n, baina 2014an berriro atxilotu zuen Ertzaintzak, eta harrezkeroztik espetxean da. Alcalá-Mecon dago gaur egun.