Berriak argitaratu duenez, larriki gaixo dagoen euskal presoa Arrasateko Aita Menni zentrora eramango dute aurki.
Haren abokatuaren bidez jasotako informazioa aipatzen du Berriak. Informazio horren arabera, joan den astean jaso zuten abokatuek leku aldatzeari buruzko jakinarazpena.
Abokatuek esan dutenez, ez zieten leku aldaketari data zehatzik eman eta aste amaierarako ekarriko zutela esan zieten. Orain aurreratu dutenez, asteazken gauean edo ostegunean Ondarroako presoa Arrasaten izatea espero dute.
Bigarren graduan
HIES gaixotasuna dauka Iparragirrek 3C fasean, alegia, nahiko aurreratuta. Egoera larri hori dela-eta, Ondarroako presoak baldintzapean aske uzteko eskaera egina zuen. Espainiako Auzitegi Nagusiko Espetxe Zaintzako epaile Jose Luis Castrok, ordea, presoaren helegitea partzialki bakarrik onartu zuen eta Arrasateko Aita Menni zentroan sartzeko agindu, bigarren graduan mantenduz.