Ibon Fernandez Iradi larriki gaixo den euskal presoak positibo eman duela, hainbat sintoma dituela eta zeldan isolatu dutela jakinarazi du Sarek. “Covid egoera hasi zenetik, behin eta berriro adierazi dugun kezka errealitate bilakatu da. Hasieratik eskatu dugu larriki gaixo diren presoak etxera ekarri behar zirela”.
Kezka agertu du Sarek, “bai Ibonen egoera dela eta, baita gainontzeko Lannemezaneko presoek kutsatzeko izan dezaketen arriskua dela eta, espetxean egote hutsak euren biziarekiko duen arriskuari covid19a gehitu baitzaio”.
Ibon Fernandez Iradik gaixotasun larria duen arren, oraindik ere preso jarraitzen duela gogoratu du kolektiboak, Pariseko kondenen kudeaketa auzitegiak iaz bere kondenaren suspentsioa onartu bazuen ere, fiskaltzaren eta Pariseko Dei Gorteen ezezkoarengatik espetxean mantendu dutelako.
“Espetxean mantentzea da euren biziarekin jokatzea”
“Ibon Fernadez Iradik pairatzen duen egoera ekidin zitekeen beraz. Bai fiskaltzak eta baita Frantziako gobernuak hartutako jarreraren ondorio zuzena da. Izan ere, krisi sanitarioaren aurrean euskal presoak espetxeetarako ezarritako neurrietatik kanpo utzi izanaren ondorio da Ibon kutsatu izana. Are larriagoa, gaixo izanik”, salatu du Sarek. “Arrisku taldeko pertsonak espetxean mantentzeak euren biziarekin jokatzea baino ez dakar”.
Egoera salatzeko eta larriki gaixo diren presoen etxeratzea eskatzeko kontzentrazioa deitu du kolektiboak, asteazken honetan Lasarte-Orian (Fernandez Iradiren herrian), arratsaldeko 19:00etan. Okendo plazan izango da elkarretaratzea.