IBEX 35 osatzen duten enpresen zuzendari taldeetako buruen soldatek %15 egin dute gora. Langileenak, aldiz, %0.3.
Oxfam Intermonek argitaratu duen txostena: desberdintasun sozialak areagotzea bultzatzen duten neurriak hartzen jarraitzen dute enpresetako eliteek. Banco Popular, Ferrovial eta Inditex dira soldaten arteko desberdintasun gehien dituzten enpresak. Klase sozialen arteko desberdintasunak murrizteko, gutxieneko soldata %13 igo beharko litzatekeela dio Oxfam Intermonek: “Egoera ez litzateke erabat irauliko, baina enpresaburuen eta langileen arteko desberdintasun ekonomikoak lausotzen lagunduko luke”. Orotara, goi kargu batek enpresako bataz besteko soldata baino 112 aldiz gehiago poltsikoratzen du.
Genero arloan ere bi muturrak oso aldenduta daude elkarrengandik: IBEX 35 enpresetan langileen %40 baino ez da emakumezkoa eta soilik %20k dituzte zuzendaritzako karguak. Generoen arteko berdintasuna lortzerako orduan, enpresen gardentasun eza nabarmendu du erakundeak. “Datu gutxi ematen dituzte eta gehienak ez dira benetan hartutako neurriak”.