Mañuetan, Ebro ibaiaren ertzean linea elektriko bat jartzeko proiektuaren baitan burutu ditu enpresak mozketak. Proiekturako baimena ukan arren, ez zuen zuhaitzak mozteko baimenik.
Abuztuaren 22an ohartarazi zuten Mañuetako herritarrek Iberdrola ari zela Ebro ibaiaren bazterreko zuhaitzak baimenik gabe mozten. Horren harira jarri du salaketa Ekologistak Martxan taldeak, Alea.eus-ek jakitera eman duenez.
Trantsizio Ekologikoko Espainiako Ministerioak linea elektrikorako baimena eman badio ere, inguruko zuhaitzen mozketari buruzko debekua ageri da ministerioak plazaraturiko txostenean. Ekologistak Martxan-ek proiektuaren zehaztapenak ez betetzea leporatu dio Iberdrolari.