Ibarbengoako sabotajea gaitzetsi dute erakundeek, eta Tosu Betirakok legitimatu

  • Hainbat ezezagunek Getxoko Ibarbengoako metro-parkingaren lanei eraso egin zieten joan den bariku eta zapatu arteko gauean, Ertzaintzaren arabera. Eusko Jaurlaritzak, Euskal Trenbide Sareak eta Imanol Landa Getxoko alkateak gaitzetsi dute ekintza hori. Tosu Betirakok "ez du zerikusirik" horregaz, baina babestu du ekimena. Getxoko Auzokideok elkarteak haizeari leporatu dio gertatutakoa.

Artikulu hau CC BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2018ko martxoaren 12an - 09:54
Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailaren arabera, ezezagunek 40.000 euro baino gehiagoko kalteak egin dituzte Ibarbengoako obrak ixten zuen metalezko hesian. (Argazkia: Tosu Betirako)

Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailaren arabera, ezezagunek 40.000 euro baino gehiagoko kalteak egin dituzte Ibarbengoako obrak ixten zuen metalezko hesian. Hala, euskal exekutiboak bere arbuiorik "irmoena" agertu eta salaketa ipini du Ertzaintzaren aurrean. Zehaztu dutenez, eraso-egileek 30 zutoin zerraz moztu eta galvanizazio-altzairuko piezak eusten zituzten torlojuak kendu zituzten, xafla metalikoak bertan behera botatzeko. Exekutiboak azpimarratu du "kalteak nabarmenak" izan direla eta "modu planifikatuan egindakoak".

Euskal Trenbide Sareak azaldu du obrak hasi zirenetik asko izan direla sabotaje-saiakerak. Jaurlaritzaren ustean, "azpiegitura berrietako obrei indarkeriaz eraso egitea iraganeko eskema da". Hala, deitoratu dute "XXI mendean, proiektu baten aurkako pertsonek euren desadostasuna agertzea eraso fisikoen bidez". Modu berean, Eusko Jaurlaritzak gogorarazi du Ibarbengoako disuasio-parkinga "gizarte osoaren zerbitzurako" egingo den lan publikoa dela. Azkenik, Jaurlaritzak berretsi du proiektua egin egingo duela eta horretarako "berme denak eta lege- eta administrazio-eskakizun guztiak" betetzen dituela proiektuak.

Alkateak gaitzetsi eta Tosu Betirakok ulertzen du

Imanol Landa Getxoko alkateak gaitzetsi du sabotaje-ekintza: "eraso bortitz horrek ez du inolako justifikaziorik ezta legitimaterik ere". Landak deitoratu du "oraindino, gaur egun, gure udalerrian izatea bortxakeria fisikoaren antzinako estrategiaren alde egiten duenik". Modu berean, alkateak berretsi du erabateko babesa emango diola Eusko Jaurlaritzari, Ibarbengoako parkinga eraiki dezan eta sabotajearen egileen aurka aurkeztutako salaketan.

Bere aldetik, obren aurka dagoen Tosu Betirako kolektiboak adierazi du ez duela zerikusirik izan sabotaje-ekintzagaz. Dena den, "ekintza hori burutu dutenak anonimotasunean mantendu beharko direnez eta beraz ezingo dutenez ekintza horren legitimitatea babestu", Tosu Betirakok azaldu du zer dela eta uste dute ekintza legitimoa izan dela: "Lehenik eta behin parkinga inposizioa dela aipatu gura dugu. Gure ustez oso adierazgarria da zelan Eusko Jaurlaritzak eta Imanol Landak ez ikusiarena egin dizkiete parkingaren aurka egondako mobilizazioei (mila pertsonako hiru manifestazio, besteak beste). Azken horrek Getxoko Udalbatzaren iritziari ere entzungor egin dio, izan ere zinegotzien gehiengoa parkingaren aurka agertu da publikoki. Horregatik, ulergarria iruditzen zaigu zenbait auzokidek edo herritarrek beste ekintza mota batzuk egitea euren ahotza entzun dadin".

Tosu Betirakoren ustean, "segur aski, hainbat kolektibok eskatu bezala parkingaren inguruko herri kontsulta bat egin izan balitz", aurreko gauekoa "ez litzateke gertatu izango".

Gogorarazi dutenez, "Tosuko ingurua akuifero ugarikoa izan arren obrarako Ingurumen Eragineko Txostenik egin ez izana bere aipatu gura dugu. Hau oso larria da, gehienbat parkingak lurrazpiko solairu bi izateak lur azpiko urei kalte handia eragingo lieke eta. Horregatik, ulergarria iruditzen zaigu zenbait herritarrek heziak kendu izana".

Katua, balego errua

Azkenik, Getxoko Auzokideok auzo-elkarteak Félix ekaitzari leporatu dio Ibarbengoako lur-azpiko parkingaren itxiera bota izana, zati handi batean. Azaldu dutenez, Félixek "espero baino indartsuago jo du non eta Andra Mari auzoan", 100 kilometro orduko haize-ufadakaz. Obren zaindarien berbetan ipini dituzte honako deklarazio bitxi hauek: "egia da jendeak ez duela parking hau gura. Orain, badirudi, elementu klimatologikoek ezta ere. Ez dakit zer gertatuko den".

Modu berean, D.G.I. Tosuko auzokideen lekukotasuna zabaldu du Getxoko Auzokideok plataformak. Bere ustean, ez da lehenengo aldia Tosun hego-haizeek bat egiten dutela iparreko goiko korronteakaz, inguruan jaisteko. Gainera, kritika egin diote Geocisa enpresak erabilitako materialen kalitateari: "hesiaren eraisteak egiaztatu du kontratatutako enpresak materialik bigunenak eta eskasenak hautatu dituela, kostuak optimizatzeko". Gogorarazi dutenez, parkingaren lehiaketan Geocisak 2,5 milioi euroan merkatu zuen bere eskaintza. Bestalde, iragarri dute auzotarrek Bob Dylanen "Blowin in the wind" abestia aukeratu dutela datozen jaietako kanta izan dadin. Elkarteak nabarmendu du auzokide gehienak parkingaren aurka daudela eta "ustelkeriaren parkinga" legez batailatu dutela.

Albiste hau Hirukak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Tosuko borroka
Getxoko Ibarbengoako aparkalekuaren "porrota" azpimarratu du GuNe kolektiboak

Plaza bakarra okupatuta, aparkalekuak dituen 304etatik. Horrela deskribatu du GuNe kolektiboak Getxoko Andra Mari auzoko Tosu landa eremuan eraiki duten Ibarbengoako metro-geltokiaren ondoko aparkalekuaren egoera, "irailaren 2an, lanorduetan". Idatzi ironiko batean,... [+]


Getxoko Ibarbengoako aparkalekua bezalako "makroproiektuei" aurre egiteko borrokan segituko dutela iragarri dute

Hiru urteko obren ondoren, ekainaren 15ean inauguratu zen Getxoko Ibarbengoako aparkalekura bizikleta-martxa egin zuten 60 pertsona inguruk, GuNe kolektiboak deituta. Protestaldi horretan, kotxeari begirako planak ez diren alternatibak egon badaudela aldarrikatu gura izan zuten,... [+]


"Tosuren Itxialdi Jaia" egingo dute zapatuan Txorimalo gaztetxean

Getxoko Tosu landa defendatzeko urteetako borrokari behin betiko amaiera emateko, egindakoak gogoratzeko eta horretan parte hartu zutenei "eskerrak" emateko jaia egingo dute zapatuan.


2019-08-13 | Topatu.eus
Tosuko borroka gogoratu dute Algortan

Zortzi urtetako borroka omentzeko ekitaldia antolatu zuten igandean Algortako Portu Zaharrean. 2011an okupatu zuten lehen aldiz Tosuko landa. Geroztik, ibilbide luzea egin dute ekologistek.


2018-09-04 | Hiruka .eus
"Tosutik Uribe kostara" jardunaldiek eskualdera zabalduko dute hirigintzaren eztabaida

Tosu Betirako Asanbladak irailaren 10etik 22ra egingo den "Tosutik Uribe Kostara" ekimena iragarri du. "Herrien etorkizuna gutxi batzuek, herritarren iritzia kontuan hartu gabe" planifikatzen dutela salatu gura dute. Erandio eta Gorliz arteko martxa eginez... [+]


Eguneraketa berriak daude