argia.eus
INPRIMATU
Iaz baino bederatzi langile gehiago hil dira aurten, lehen hamar hilabeteetan EAEn, Osalanen arabera
  • Ia 30.000 gaixo edo lan-istripu agiri erregistratu dira aurten urtarriletik urrira bitartean; 2017an epe berean baino %2,7 gehiago. “Lan prekarietateari aurre egin behar zaio”, adierazi du Alberto Alonso Osalaneko zuzendariak.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2018ko azaroaren 15

Lan-heriotzak %42,9 igo dira iazko lehen hamar hilabeteetako datuak aurtengoekin alderatuz gero. 2017an hogeitabat hildako izan ziren, eta aurten hogeita hamar. Zehazki, hemezortzi langile hil dira Bizkaian, zazpi Gipuzkoan eta bost Araban. Datu horiek argitaratu zituen atzo Osalanek, lan-segurtasuna eta osasuna aztertzen dituen elkarteak.

Dena dela, bada datu bat beherantz egin duena. Aurtengo urtarriletik urrira, etxetik lanerako bidean hiru lagun hil dira, eta iaz zazpi. Bestalde, 29.965 baxa eman dira gaixo edo lan-istripuengatik, 2017an epe berean baino %2,7 gehiago.

Alberto Alonso Osalaneko zuzendari nagusia ez da gustura azaldu emaitzekin: “Behin-behinekotasunak ez du laguntzen, hori bistakoa da, eta laneko prekarietate horri aurre egin behar zaio”, azaldu du. Horretarako Osalanen lana “funtsezkoa” dela esan du, eta lan-istripu bakoitza “porrota” dela beraientzat.