Atzerritarren "kriminalizazioa" salatu du beste behin ere Cimade elkarteak. Hendaiako atxikitze zentroan iragandako egonaldia batez beste 27 egunekoa izan zen 2021ean –2019an 16koa zen–.
Etorkinen kriminalizazioa salatu du beste behin ere horien eskubideen alde dabilen Cimade elkarteak. Iaz 219 pertsona egon ziren preso Hendaian dagoen atxikitze zentroan, batez beste 27 egunez. Horietarik 59 kanporatu zituzten lurraldetik –tartean, 32 Europatik kanpo–.
Urteko txostena aukeztu zuen Cimade elkarteak irailaren 14an, Baionan duen egoitzan egindako prentsaurrekoan."Gure ustez, itxialdi administratiboa ez da ulergarria, paperik gabeko pertsonak dira, ez gaizkileak", zion elkartean arlo juridikoaz arduratzen den Julie Aufaurek. Oro har, giza eskubideak zangopilaturik direla dio elkarteak.
"Etsipenak eragindako egintzak" ere egon dira Hendaian, bat baino gehiago eta larriak. Tartean, batek lau egunez ezpainak josirik zituela, edari eta gose greba egin izana; eta beste batek bere ziegan sua piztu izana.
2021eko abuztutik geroztik Frantziako legean delitu bat da kanporatze agindua ez betetzeko PCR proba ukatzea. Akusazio horren pean, sei hilabeterainoko kartzela zigorrak jaso dituzte lau etorkinek. "Diskriminazioa da. Hetsialdiaren gurpil zorotik ez dira ateratzen" Cimade elkartekoen hitzetan.
Guztira, Frantzia metropolian 14.704 pertsona dituzte atxikitze zentroetan preso sartu 2021 urtean, eta Frantziaren barne diren itsas gaindiko lurraldeetako zentroetan beste 27.649.